Reala
Europa Liga
EITB MEDIA
Jon Pachecok, 19. minutuan, eta Sergio Gomezek, 64.ean, Realaren bi golak sartu dituzte; Makabik 82.ean sartu du 1-2koa. Gipuzkoako taldeak merezita irabazi du, aurkariak baino hobeto jokatu baitu, eta partida kontrolpean izan duelako.
Pachecok sartu du 0-1ekoa; irudian, Aguerd eta Turrientes nafarrarekin. Argazkia: EFE.
Albisteak (3)
Realak irabazi egin du, 1-2, Makabi Tel Aviven aurka, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko hirugarren jardunaldian, Belgraden, Stadion Partizanan, ostegunean. Jon Pachecok, 19. minutuan, eta Sergio Gomezek, 64.ean, Realaren golak sartu dituzte, eta Dor Turgemanek, 82.ean, Makabi Tel Avivena egin du. Horrenbestez, Gipuzkoako taldeak lau puntu daramatza txapelketan, liga faseko aurreneko hiru neurketak jokatuta, eta gora egin du sailkapenean.
Unai Marrero irten da atepean, hasierako hamaikakoan, eta atezain gipuzkoarra izan da nobedaderik handiena talde txuri-urdinean. Realak segituan bereganatu du zelai erdia, eta jokoa kontrolpean izan du lehenengo zatian. 17. minutuan, Sadiqek aukera izan du, gola sartzeko, baina ezin izan du baliatu; ia jarraian, 19.ean, Jon Pachecok ezin hobeto errematatu du, buruz, Braisek ateratako korner bat. 0-1ekoa zen, eta Realak aurretik jartzea erdietsi du, hori egiteko izan duen aurreneko abaguneetakoan.
Braisek, Zubimendik eta Turrientesek aurrera eraman dute Reala, eta Donostiako taldeak, atsedenaldira arte, 0-2koa sartzeko moduko jokaldi batzuk egin ditu. Sadiqek, Take Kubok, Mikel Oyarzabalek eta Javi Lopezek izan dituzte aukerak, baina markagailua ez da berriro aldatu, lehen zati horretan.
Bigarren zatiaren hasieran, Realak ez du asmatu, jokaldi batzuetan, baloia atzetik kontrolatuta ateratzean, eta Makabi, ondo presioan, adi egon da, eta arriskua sortu du. Israelgo taldeak aurrerapausoa eman du, lehen 45 minutuekin alderatuta, eta Marreroren atera sarriago hurbildu da.
Bigarren zati horretako hamabosgarren minutuan, Sadiqek sareetara bidali du Braisek kornerretik jarritako erdiraketa, Pachecok buruz atzera jo eta gero, baina epileak, VARean aztertuta, baliogabetu egin du gola, ustez Aguerd jokoz kanpo zegoelako. Realak, baina, 64. minutuan, gauzatu egin du 0-2koa, Sergio Gomezen bitartez; euskal taldeko balio anitzeko jokalariak ezin hobeto burutu du kontraeraso azkar bat, Beckerren pasea baliatuta.
Reala sendo zebilen, eta partida oso kontrolpean zuen, baloia modu egokia alde batera eta bestera mugituz, baina, 82. minutuan, burukada ona eginda, Dor Turgemanek 1-2koa jarri du. Hori gorabehera, Realak ondo itxi du area, eta ez du estutasunik izan, azken finean, aurtengo Europa Ligan lortzen duen aurreneko garaipena bermatzeko. Makabik Tel Aviv hamar jokalarirekin amaitu du norgehiagoka, epaileak Davida kanporatu baitu.
Fitxa teknikoa
1 - Makabi Tel Aviv: Mishpati; Lemkin, Shlomo, Stojic, Davidzada (Jehezkel, 70. min); Sissokho (Van Overeem, 70. min), Dor Peretz (Davida, 70. min), Kanichowsky; Patati, Madmon (Turgeman, 76. min) eta Shahar (Addo, 70. min).
2 - Reala: Marrero; Aramburu (Aritz, 75. min), Aguerd, Pacheco, Javi Lopez; Zubimendi, Turrientes (Sergio Gomez, 59. min), Brais Mendez (Olasagasti, 84. min); Kubo (Barrenetxea, 75. min), Sadiq eta Oyarzabal (Becker, 59. min).
Golak: 0-1, 19. min: Pacheco. 0-2, 64. min: Sergio Gómez. 1-2, 82. min: Turgeman.
Epailea: Rohit Saggi (Norvegia). Makabi Tel Aviveko Patati, Van Overeem eta Jehezkel, eta Realeko Kubo eta Javi Lopez zigortu ditu, txartel horia aterata. Makabiko Davida kanporatu du, bi txartel hori erakutsita.
Gertakizunak: 500 bat zale, Stadion Partizanan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa