Reala
EA SPORTS LIGA
G. P. A. | EITB MEDIA
Kubok sartutako golari esker, Reala laster jarri da aurretik markagailuan, baina gainerako golak partidaren bukaeran iritsi dira. Oskarssonek egin ditu biak.
Oskarssonek bi gol sartu ditu. Argazkia: EFE
Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du Reale Arenan, gaur arratsaldean, Valentziari 3-0 irabazita. Take Kubok eta Orri Oskarssonek (2) sartu dituzte golak. Imanol Alguacilen taldeak ez du joko ikusgarria egin, baina aurkaria baino hobea izan da, eta funtsezko garaipena lortu du azkenean, bolada txarrari amaiera emateko eta jokalariek konfiantza hartzeko.
Markagailuari begiratuz gero, ematen du Reala nagusitasun handiz gailendu dela, baina Oskarssonen bi golak partidaren azken txanpan iritsi dira, eta Ruben Barajaren taldeak pare bat aukera izan ditu aurretik norgehiagoka berdintzeko.
Kubok 8. minutuan sartu du gola, Zubimendik abiatutako jokaldi azkar batean. Sergio Gomezi eman dio baloia, eta honek behetik egin du erdiraketa. Defentsak ezin izan du baloia aldaratu, eta bigarren zutabean, bakar-bakarrik errematatu du Kubok, 1-0ekoa jartzeko.
Gol horrekin, Imanol Alguacialen jokalariek nolabaiteko lasaitasuna hartu dute eta hobeto jokatzen hasi dira. Zelaiaren erdian, Zubimendik maila oso ona eman du, eta Kubo eta Barrene oso aktibo ibili dira erasoan.
Hala ere, Valentziak ez du atzera egin, eta Reala estutzen saiatu da, presioa goian eginez. Aukerarik onena korner batean izan dute, baina Mosqueraren burukada arazo gabe gelditu du Remirok.
38. minutuan, Aguerdek erremate ikusgarria egin du area barrutik, baina baloiak langa jo du. Lehen zatian, Reala hobea izan da, baina ez du bigarren gola egin, eta dena irekita geratu da.
Atsedenalditik bueltan, Valentzia Reala baino hobeto hasi da, eta markagailua parekatzeko bi aukera izan ditu. Alabaina, Remirok aldaratu egin du Pepeluk area kanpotik egindako jaurtiketa bortitza, eta, minutu batzuk geroago, Tarregak korner batean buruz egindako errematea kanpora joan da.
Realaren garaipena arriskuan egon zitekeela ematen zuenean heldu da Oskarssonen gola, 80. minutuan, kontraeraso azkar batean, Brais Mendezek pase zoragarria emanda.
Norgehiagokaren luzapenean, berriz, hirugarrena sartu du Realak. Hortxe bukatu da partida.
FITXA TEKNIKOA
3. - Reala: Remiro; Aranburu (Aritz, 85. min), Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez; Sucic (Brais Mendez, 75. min), Zubimendi, Sergio Gomez; Kubo (Magunazelaia, 85. min), Oyarzabal (Oskarsson, 60. min) eta Barrenetxea (Turrientes, 60. min).
0. - Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Tarrega, Mosquera, Jesus Vazquez (Thierry, 36. min); Diego Lopez (Canos, 62. min), Hugo Guillamon, Pepelu, Luis Rioja; Javi Guerra (Dani Gomez, 62. min) eta Hugo Duro.
Golak: 1-0, 8. min: Kubo. 2-0, 80. min: Óskarsson. 3-0, 92. min: Óskarsson.
Epailea: Javier Alberola Rojas. Ez du txartelik atera.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa