18:23

Reala

EA Sports Liga

Realak porrota jaso du Atletico Madrilen aurka, denboraldiko azken partidan (0-2)

L.U. EITB Media

Talde txuri-urdinak, Europa Ligarako txartela poltsikoan zuela, denboraldia etxean partida irabazita amaitu nahi zuen, baina ez du lortu. Lino eta Renildo izan dira neurketako golegileak.

  • Real Sociedad vs Atletico Madrid

    Real Sociedad vs Atletico Madrid Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 0-2 galdu du Atletico Madrilen aurka Reale Arenan, 2023-2024 denboraldiko EA Sports Ligako 38. jardunaldian. Txuri-urdinek azken garaipena lortu nahi zuten etxean, sailkapenean 6. postua ziurtatuta izan arren, baina Realak ez du talde koltxoneroa gainditzeko modua aurkitu, 9. minutuan aurreratu baita Samuel Lino jokalari brasildarrak sartutako golari esker. Neurketako bigarren gola Reinildo Mandavak egin du luzapenean.

Atletico Madrilek bere hasiera bikaina baliatu du markagailuan aurrea hartzeko. Partida hasi eta zortzi minutura, Linok gola sartu du talde bisitariarentzat, Llorenteren eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean. Llorentek erdiraketa egin du, eta brasildarrak baloia Remiroren ate barrura sartu du (0-1).

Lehen laurdenean, talde koltxoneroa Reala baino gehiago izan da, eta Linok bigarren gola barkatu du. Talde txuri-urdina Madrilgo taldea bere arean sartzen saiatu da, baina Simeoneren taldeak oso ondo defendatu du, tarterik utzi gabe.

Realak erasoan jarraitu du, eta 20. minutuan iritsi da Donostiako taldearen lehen aukera. Zakharyanek baloia pasatu dio Beckerri, aurrelariak buruz errematatu du, eta Griezmannek ia atepean atera du.

Imanolen mutilei asko kostatu zaie madrildarren defentsan sartzea, geldikako jokaldiak eta trantsizioak alde batera utzita. Realak gora egin du minutuek aurrera egin ahala, baina ezin izan du Oblak gainditu. Bi irteera egin ditu atezainak, eta Elustondok izan du argiena, buruz egindako erremate batekin.

Llorentek azken abagunea izan du 0-2koa jartzeko jaurtiketa bikain batekin, baina Remirok EA Sports Ligako atezainik onenetakoa izateko arrazoiak erakutsi ditu. Azkenean, Simeonek zuzentzen duen taldearen aldeko markagailuarekin heldu dira atsedenaldira.

Neurketak mugituta jarraitu du bigarren zatian ere. Talde zuri-gorriak ezin zuen inolaz ere partida irabazitzat eman, Gipuzkoako taldeak kalitate handia duelako, eta Kubo japoniarrak abisua eman diolako.

Dena dela, Atletico Madrilek arrisku handiagoa sortu du azken 45 minutuetan. Gainera, Saulek txartel gorria ikusi eta gero, Atletico Madrilek bigarrena egin du Reinildo mozambiketarraren bitartez (0-2).

Fitxa teknikoa:

0.- Real Sociedad: Remiro; Traore, Aritz, Pacheco, Tierney (Aranburu, 81. min); Barrenetxea (Oyarzabal, 67. min), Zakharyan (Olasagasti, 67. min), Turrientes (Gonzalez de Zarate, 84. min), Brais; Becker (Andre Silva, 81. min) eta Take.

2.- Atletico Madril: Oblak; Azpilikueta (Reinildo, 84. min), Witsel, Gimenez; Lino (Saul Ñiguez, 69. min), Llorente, Koke, De Paul (Hermoso, 69. min), Vermeeren (Riquelme, 57. min); Griezmann eta Correa (Morata, 69. min).

Golak: 0-1, 9. min: Lino. 0-2, 93. min: Reinildo.

Epailea: Sanchez Martinez. Saul kaleratu du bi txartel hori aterata (90. min). Pacheco, Brais, Olasagasti, Vermeeren, Saul eta Reinildo jokalariek txartel horia ikusi dute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena