23:46

Reala

EA SPORTS LIGA

Reala izan da nagusi partidan, baina garaipena Real Madrilek eskuratu du (0-1)

EITB MEDIA

Txuri-urdinek norgehiagoka ona jokatu dute, baina ez dute Real Madrilen ate aurrean asmatu, eta Ancelottiren taldeak irabazi du, Arda Gülerrek sartutako golari esker. Take Kubok berdinketaren gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, VAReko epaileak jokaldia berrikusteko eskatu ostean.

  • Eder Militaio eta Mikel Oyarzabal, partida amaitu ostean. Argazkia: EFE

    Eder Militaio eta Mikel Oyarzabal, partida amaitu ostean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 0-1 galdu du Real Madrilen aurka ostiral gauean Reale Arenan jokatutako partidan. Ondorioz, baliteke Betisek Europa Ligarako txartela ematen duen seigarren postua kentzea jardunaldi honetan.

Imanol Alguacilen taldea ondo aritu da, eta, une askotan, arerioa mendean hartu du, baina ate aurrean ez da fin ibili, eta garesti ordaindu du. Carlo Ancelottik aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, eta normalean titular izaten diren hainbat jokalari aulkian utzi ditu, baina, hala ere, partida irabazteko gai izan da, gol aukera bakarra ondo baliatuta.

Reala ondo atera da zelaira, eta hasieratik kontrolpean izan du Real Madril, baina azken metroetan huts egin dute. Aukerarik garbienak Take Kubok eta Turrientesek izan dituzte.

Japoniarrak 14. minutuan egindako jaurtiketa Kepak aldaratu du kornerrera, eta 27. minutuan, Turrientesek area kanpotik botatako baloia gutxiagatik joan da langa gainetik kanpora.  

Partida hasi eta ordu erdira iritsi dira zuriak Remiroren atera lehen aldiz arriskuarekin, eta baloia sarera bidali du Arda Gülerrek, Carvajalek egindako pasea baliatuta.  

Txuri-urdinek hurrengo jokaldian berdindu dute partida, baina epaileak baliorik gabe utzi du Take Kuboren gola, VAReko epaileak jokaldia berrikusteko eskatu ostean; izan ere, Kubok baloia hartu aurretik, Barrenetxeak falta egin dio Tchouameniri.

Atsedenaldiaren ostean ere, Realak jarrera berari eutsi dio, eta golaren bila atera da. Hala, Turrientesek jaurtiketa egin du area kanpotik, bigarren zatia hasi eta 30. segundoan, baina Kepak geldiketa bikaina egin du.

Baloia txuri-urdinena zen, baina madrildarrek ondo eutsi diete, eta Realak ez du arrisku handirik sortu 73. minutura arte. Oyarzabal saiatu da gola egiten, baloia Keparen gainetik botata, baina Rüdigerrek saihestu du atean sartzea.

Imanol Alguacilen mutilak azkeneraino ahalegindu badira ere, ez dira gai izan berdinketa lortzeko, eta, ondorioz, Real Madrilek poltsikoan dauka Liga.

Realak seigarren tokian jarraitzen du, baina Betis eta Valentzia gainean dauzka, eta Europa Ligarako txartela lortzea ez da erraza izango.

FITXA TEKNIKOA

0 - Real Sociedad: Remiro; Odriozola (Aritz, 76. min), Zubeldia, Le Normand (Silva, 89. min), Galan; Zubimendi, Merino, Turrientes (Zakharyan, 66. min); Kubo, Oyarzabal eta Barrenetxea (Becker, 76. min).

1 - Real Madrid: Kepa; Carvajal, Militao, Nacho, Fran Garcia (Camavinga, 76. min); Tchouameni, Modric (Vázquez, 84. min), Ceballos (Valverde, 68. min); Brahim (Rüdiger, 76. min), Joselu eta Güler (Vinicius, 68. min).

Gola: 0-1, 29. min: Güler.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Le Normand, Zubeldia, Merino, Güler, Tchouameni eta Nachori.

Gertakariak: Ligako 33. jardunaldiko partida. 37.108 ikusle izan dira Reale Arenan. Partida hasi aurretik, David Silva jokalari ohia omendu dute, eta Jokin Aperribay presidenteak klubaren urrezko intsignia ipini dio.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena