12:34

Reala

Erregina Kopa

Realak berdindu egin du, 1-1, Madrilen, Atleticoren aurka, eta emaitza ona lortu du itzuliko partidarako

EITB MEDIA

Amaiur Sarriegik jarri du aurretik Natalia Arroyoren taldea, 64. minutuan, eta Gaby Garciak sartu du 1-1ekoa, 90.ean. Elene Letek penalti bat gelditu du lehenengo zatian; Atletico Madrilek lau aldiz errematatu du langara, neurketan.

  • Nahia Aparicio eta Eva Navarro, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Nahia Aparicio eta Eva Navarro, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak eta Atletico Madrilek bana egin dute, asteazken arratsaldean, Alcala de Henareseko Kirol Zentroan, 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietako joaneko partidan. Amaiur Sarriegik jarri du aurretik Natalia Arroyoren taldea, 64. minutuan, eta Gaby Garciak sartu du 1-1ekoa, 90.ean. Elene Letek penalti bat gelditu du lehenengo zatian, eta neurketan zehar, Atletico Madrilek lau aldiz errematatu du langara.

Testuinguru horretan, Reala sendo ibili da lehenengo zatian, baina, egia esan, talde txuri-urdina estu ibili da azken minutuetan 0-0eko emaitzari eusteko. Etxeko taldeak 37. minutuan izan du gol aukerarik argiena; izan ere, Sheila Guijarrok penalti bat izan du, Atletico Madril aurretik jartzen saiatzeko. Aurrelariak, baina, ezin izan du gauzatu, Elene Letek geldiketa bikaina egin baitio.

Jokalari horrek berak, luzapenean, buruz errematatu du area barrutik, korner batean, eta baloia langara joan da, zuzenean. Realaren aldetik, Nerea Eizagirre izan da goletik gertuen, falta jaurtiketa batean.

Bigarren zatian, 56. minutuan, Boe Risak, erdiraketa-jaurtiketa batean, berriro ere bota du langara; baloiak goitik jo du Leteren atea. 64. minutuan, kontraeraso oso polit bat baliatuta, Amaiur Sarriegik area barruan jaso du baloia, jokaldi ederra egin, eta gol bikaina sartu du. Natalia Arroyoren taldea 0-1 jarri da.

Ludmilak, 76. minutuan, neurketan hirugarrenez bota du langara, Atletico Madrilen aldetik; Manolo Canoren futbolariek gogor jo dute aurrera, berdinketaren bila. Etxekoek 90. minutuan izan dute saria, eta Gaby Garcia Realeko jokalari ohiak sartu du gola, burukada on bat eginez. Luzapenean, laugarrenez jo du baloiak Elene Leteren ateko langa. Azken emaitzak, 1-1ekoak, aukera guztiak zabalik utzi ditu itzuliko neurketari begira, eta Realak gertuago du finalerako sailkatzea.

Fitxa teknikoa

1 - Atletico Madril: Gallardo; Sheila (Lucia Moral, 88. min), Cinta Rodriguez, Menayo, Moraza; Gaby, Eva Navarro (Crnogorcevic, 63. min) Boe Risa (Banini, 74. min); Cardona, Sheila Guijarro eta Ajibade (Ludmila, 63. min).

1 - Reala: Lete; Emma Ramirez (Vanegas, 74. min), Etxezarreta, Tejada, Bernabe; Lorena (Amaiur, 56. min), Apari, Andreia; Jensen, Franssi eta Eizaguirre (Cecilia Marcos, 81. min).

Golak: 0-1, 64. min: Amaiur; 1-1, 91. min: Gaby.

Epailea: Paola Cebollada (Aragoiko Batzordea). Realeko Lorena eta Emma Ramírez, eta Atletico Madrileko Ajibade eta Cinta Rodriguez zigortu ditu, txartel horia ateraz.

Gertakizunak: Erregina Kopako finalerdietako joaneko partida, Madrilgo Alcala de Henareseko Kirol Zentroan. 1.500 zale izan dira bertan.

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena