Reala
Txapeldunen Liga
EITB MEDIA
Kylian Mbappek eta Bradley Barcolak, 58. eta 70. minutuetan, Frantziako taldearen golak sartu dituzte. Paris Saint-Germain bigarren zatian izan da Reala baino gehiago, baina Realak, lehen zatian, maila bikaina eman du. Reale Arenan dena emango du talde txuri-urdinak, sailkatzea lortu ahal izateko.
Barrene, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Realak 2-0 galdu du, Paris Saint-Germain aurkari, asteazkenean, Parisen, Printzeen Parkean, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako final zortzirenetako kanporaketako joaneko partidan. Kylian Mbappek eta Bradley Barcolak, 58. eta 70. minutuetan, Frantziako taldearen golak sartu dituzte. Paris Saint-Germain bigarren zatian izan da Reala baino gehiago, baina Realak, lehen zatian, maila bikaina eman du, eta Reale Arenan dena emango du talde txuri-urdinak sailkatzea lortu ahal izateko.
Andre Silva irten da, azkenean, hasierako hamaikakoan, aurrealdean; izan ere, Mikel Oyarzabal deialditik at gelditu da. Paris Saint-Germainen, Fabian Ruiz zelairatu da titular, bai eta Lucas Beraldo ere, azken hori atzealdeko ezker hegalean.
Giro ikusgarria zegoen Printzeen Parkean, norgehiagoka hasi denean. Ia 49.000 zale izan dira bertan, eta Euskal Herritik iritsitako 2.000 zaleri ondo baino hobeto entzun zaie. Reala bikain zelairatu da, eta segundo batzuk besterik ez ditu behar izan lehenengo gol aukera sortzeko. Andre Silvak izan du, area ertzetik egindako jaurtiketa batean; baloia gutxigatik atera da desbideratuta. Paris Saint-Germainek berehala erantzun du, seigarren minutuan hain zuzen ere; orduan, Kylian Mbappek, kontraeraso on batean, Alex Remiroren atetik gertutik jaurti du, baina atezain nafarrak oso ondo gelditu du.
Atsedenaldira arte, Reala inolako arazorik gabe moldatu da partidan. Imanolen gizonek ez diote ia aukerarik eman aurkariari, Frantziako taldea baino sendoago aritu da zelai erdian, eta Luis Enriqueren taldeak baino arrisku handiagoa sortu dute. Kubo, 18. minutuan, ondo sartu da eskuinetik, eta gutxigatik jaurti du kanpora; 21.ean, aurrelari japoniarrak berak erdiraketa egin du, eta Silvak, burukada batean, abagune ona izan du.
Aurreneko zatiko gol aukerarik onena Mikel Merinok izan du; egia esan, nafarrak sortu edo asmatu du hori. Areaz kanpotik jaurti du, ezkerrez, ezin hobeto, baloia langara joan da, zuzenean. Jokaldi ikusgarri horrek jarri dio amaiera lehenengo zatiari, eta inpresioa zen Reala maila bikaina ari zela ematen.
Bigarren zatian, Paris Saint-Germain gehiago izan da
Reala berdin-berdin zelairatu da bigarren zatian, sendo eta zalantzarik gabe. Baina handik gutxira, 58. minutuan, Paris Saint-Germainek 1-0ekoa sartu du. Mbappek egin du, korner batean, estrategia jokaldi bat trebetasun handiz bigarren zutoinean baliatuz. Gola izan denean, Gipuzkoako taldea hamar jokalarirekin zen, Traore min hartuta baitzegoen, zelaitik kanpo.
Golak Frantziako hiriburuko taldea sendotu du; Luis Enriquek zuzendutako gizonek Reala estutu dute ondorengo minutuetan. Abiaduraz eta indarrez betetako jokaldi batean, Mbappek, area ertzetik, jaurtiketa bortitza egin du, 64.ean, eta Remirok geldiketa itzela egin eta baloia kornerrera bidali du.
Bradley Barcolak, 70. minutuan, 2-0ekoa lortu du. Paris Saint-Germainek jokaldi ona egin du, eta hegaleko frantziarrak erregate polita egin du ezkerretik. Partidako puntu horretan, Reala estu zebilen, Pariseko taldea argi ari baitzen menderatzen jokoa eta neurketa.
Imanolen gizonek ez dute amore eman, eta aurrera egiten ahalegindu dira, giltzarria izan zitekeen gol baten bila. Neurketako azken minutuetan, Reala ausart aritu da, giltzarria izan zitekeen gol baten bila. Sadiq eta Zakharyan jarri ditu berdegunean entrenatzaile txuri-urdinak, erasoan, eta jokaldi batzuetan Paris Saint-Germainek atzera egin behar izan du. Remirok, hori bai, Asensioren jaurtiketa bat gelditu behar izan du.
Realak ez du 2-1koa sartzerik izan, eta Paris Saint-Germainek bi goleko aldea du itzuliko partidari begira. Hala, martxoaren 5eko norgehiagokak erabakiko du. Donostiako taldeak, zaleek bultzatuta, ahalegin handia emango du. Baliteke gau hori Realaren historian, historia handian, betiko gelditzea.
Fitxa teknikoa
2 - Paris Saint-Germain: Donnarumma; Hakimi, Marquinhos, Danilo (Lucas Hernández, 72. min), Lucas Beraldo; Fabian Ruiz, Vitinha, Zaire-Emery, Dembele (Muani, 83. min), Barcola (Asensio, 72. min) eta Mbappe.
0 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand (Pacheco, 78. min), Javi Galan (Aramburu, 88. min); Zubimendi, Brais Mendez (Turrientes, 78. min), Mikel Merino, Barrenetxea (Zakharyan, 66. min), Kubo eta Andre Silva (Sadiq, 79. min).
Golak: 1-0, 58. min, Mbappe. 2-0, 70. min, Barcola.
Epailea: Marco Guida (Italia). Le Normand (36.min) eta Traore (92. min) zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: Txapeldunen Ligako final zortzirenetako joaneko partida. Parisen jokatu dute, Printzeen Parkean.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa