Reala
ERREGE KOPA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Carlos Fernandezek 67. minutuan sartutako golak Kopako bigarren kanporaketarako txartela eman die txuri-urdinei.
Albisteak (2)
Realak 0 eta 1 irabazi dio Buñol taldeari Carlos Fernandez aurrelariak Errege Kopako lehen kanporaketako neurketako bigarren zatian sartutako gol bati esker.
Aurrelari andaluziarrak etxeko atezainaren aldaratzea baliatu du, Alberto Dadie taldekideak areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten aurrean, baloia sare barrura bidali eta donostiarrei sailkapena emateko.
Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak aurreko asteburuan Rayoren aurka jokatutako neurketan titular gisa erabili zituen bi jokalari baino ez ditu zelairatu (Jon Pacheco eta Beñat Turrientes). Etxeko taldeak, bost jokalariz osatutako defentsa dela medio, estutasunik gabe kontrolatu du neurketako hastapeneko txanpa. Horrela, Buñol baloia edukitzera ausartu da eta lehen aukerak sortu ditu. Nabarmenena, eta lehiako arriskutsuena valentziarren partetik, bederatzigarren minutuan heldu da: Sabaterrek baloia erdiratu du, eta Urko Gonzalez de Zaratek buruz egindako aldaratzeak Marreroren langan jo du.
Realak abisua ulertu eta partidaren kontrola bereganatu du. Dena den, Donostiako taldeak ez du aukera handirik izan lehen zatian, Chok buruz egindako erremateaz gain, baina 44 urteko Paco atezain beteranoak gelditu egin dio. Abagune horrez aparte, Realaren ahalegin gehienak urrutiko jaurtiketen bidez heldu dira, eta zeregin horretan saiatu dira Turrientes, Magunazelaia eta Zakharian, baina arrakastarik gabe. Ondorioz, neurketa hutsean heldu da atsedenaldira, etxeko zaleen poztasunerako.
Imanol bere taldea astintzen saiatu da geldialdiaren ondoren, eta xede horrekin berdegune gainean jarri ditu Carlos Fernandez eta Alberto Dadie. Donostiako erdilari gaztearentzat lehendabiziko minutuak izan dira lehen taldearekin, eta protagonismo berezia izan du bigarren zatian. Izan ere, berak, eskuinetik, eta Momo Chok, ezkerretik, egindako jokaldiek arriskua eragin dute valentziarren defentsan, eta horietako jokaldi batean iritsi da txuri-urdinen gola.
Chok hegaletik egindako autopase baten ondoren, Dadiek zartako gogorra eman dio baloiari. Paco atezainak baloia aldendu baino ezin izan du egin, eta egoera hori aprobetxatu du Carlos Fernandezek partidako gol bakarra erdiesteko.
Golak min egin dio Buñoli, eta Reala bigarren gola lortzeko zorian izan da hainbat aldiz; besteak beste, Olasagastik langara bidali du jaurtiketa bat. Aritz Elustondok ere abagune aparte izan du korner batean, baina atzelariak ez du bere burukada behar bezala zuzendu, ia-ia atepean zegoela.
Ondorioz, ez da gol gehiago izan, eta donostiarrek sailkapena eskuratu dute.
Fitxa teknikoa:
0 - Buñol: Paco; Dani García (Abarca, 78. min), Joao, Amador, Gonza, Didier (Álex Gonza, 78. min); Martín, Duco, Tobías (Carles Siscar, 29. min), Alberto (Erik, 60. min); eta Sabater (Civera, 60. min).
1 - Real Sociedad: Marrero; Odriozola (Aranburu, 72. min), Aritz, González de Zárate (Le Normand, 82. min), Pacheco; Cho, Turrientes, Olasagasti, Zakharyan (Zubimendi, 82. min); Sadiq (Carlos Fernández, 46. min) eta Magunazelaia (Dadie, 46. min).
Gola: 0-1, 67. min: Carlos Fernández.
Epailea: Cuadra Fernández. Txartel horiak: Buñolen aldetik, Alberto (51. min) eta Martin (69. min) jokalariek ikusi dute txartela; Realean, berriz, Pacheco (93. min) zigortu du epaileak.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa