12:18

Reala

Txapeldunen Liga

Reala jaun eta jabe izan da Salzburgoren aurka (0-2)

EITB MEDIA

Txuri-urdinek bi gol egin dituzte partidako lehen 27 minutuetan, eta aise gailendu zaizkio talde austriarrari neurketa osoan. Mikel Oyarzabal eta Brais Mendez izan dira Donostiako taldearen golegileak.

  • Realeko jokalariak, Salzburgori egindako goletako bat ospatzen

    Realeko jokalariak, Salzburgori egindako goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak garaipen argia lortu du Salzburgoren aurka Red Bull Arena estadioan jokatutako Txapeldunen Ligako multzoen faseko 2. jardunaldiko partidan. Garaipen horri esker, eta lehenengo jardunaldian Inter Milanen aurka erdietsitako berdinketa kontuan izanda, txuri-urdinek lau puntu dituzte jada D multzoko sailkapenean.

Partida hasieratik, Reala jaun eta jabe izan da zelaian, eta ez die austriarrei aukerarik eman. Etxeko taldeak ez du Remiroren atera jaurtiketa bat bera ere egin.

Bi golak lehen zatian egin dituzte Imanol Alguacilen jokalariek. Lehenengoa Mikel Oyarzabal kapitainak egin du, 7. minutuan, ezkerrarekin, Alexander Schlager atezaina ezustean harrapatuta.

20 minutu geroago, eta tartean beste zenbait aukera izan ostean, Brais Mendezek egin du bigarrena, kontraerasoko jokaldi batean. Schlager ez da baloia gelditzeko gai izan.

Realak etengabe aurkitu ditu erasora jotzeko hutsuneak, eta Salzburgo ez da txuri-urdinak gelditzeko gai izan. Etxeko taldeak jokoa antolatzeko zailtasun handiak izan ditu, eta ez du Remiroren atearen inguruan arriskurik sortu. Gipuzkoako taldea nagusi izan da lehen zatian.

Atsedenaldiaren atarian, Mikel Oyarzabal hirugarrena sartzear izan da, baina gutxigatik ez da iritsi Barrenetxeak erdiratutako baloia errematatzera.

VARek bertan behera utzi du Realaren aurkako penaltia

Bigarren zatia hasi eta gutxira, epaileak penaltia adierazi du Realaren aurka, Remirok Salzburgoko aurrelari bati falta egin diola iritzita. VAR sistemaren bidez jokaldia berriro ikusi ostean, poloniarrak atzera egin du, eta Remirori ateratako txartel horia ere baliorik gabe utzi du.

Salzburgoko entrenatzaileak aldaketak egin ditu bere hamaikakoan, eta Austriako taldeak aurrera egin du, golaren bila. Hala ere, etxekoek arrisku gutxi sortu dute, eta gola egiteko aukera argi bakarra izan dute amaierarako 10 minuturen faltan. Hala ere, Simicen errematea kanpora joan da, gutxigatik.

Horrela, Realak bere lehen garaipena lortu du aurtengo Txapeldunen Ligan, eta irudi bikaina emanda gainera.

Txapeldunen Ligako hurrengo hitzordua hilaren 24an izango dute txuri-urdinek, 21:00etan, Lisboan, Benfica taldearen aurka.

Fitxa teknikoa:

0 - Salzburgo: Schlager; Dedic, Terzic, Pavlovic, Solet (Baidoo, 45. min); Gourna-Dopath, Kjaergaard (Forson, 45. min), Bidstrup (Capaldo, 65. min), Gloukh (Sucic, 79. min); Simic, Konate (Ratkov, 45. min).

2 - Reala: Remiro; Traoe (Elustondo, 84. min), Zubeldia, Le Normand (Pacheco, 45. min), Muñoz; Mendez (Turrientes, 82. min), Merino, Zubimendi, Barrenetxea (Fernandez Luna, 64. min); Oyarzabal, Kubo (Cho, 63. min)

Golak: 0-1, 7. min: Oyarzabal, 0-2, 27. min: Mendez.

Epailea: Bartosz Frankowski (Polonia). Txartel horia atera die Salzburgoko Solet (42. min), Pavlovic (76. min) eta Daidoo (88. min) jokalariei, eta Realeko Le Normand (15. min) eta Mendez (59. min) jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena