Reala
Europa Liga
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak bana (1-1) berdindu du Napoliren aurka eta Europa Ligako hurrengo fasean egongo da multzoko bigarren sailkatu moduan. Willian Josek luzapenean sartu du banakoa.
Willian Jose, Realarentzat Napoliren aurka sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Europa Ligako final-hamaseirenak jokatuko ditu ostegun honetan Napoliren aurka bana (1-1) berdindu ostean, multzoen faseko seigarren eta azken jardunaldiko partidan. Txuri-urdinak multzoko bigarren sailkatu gisa pasa dira hurrengo fasera eta Napolik lider moduan egin du aurrera. F multzoko beste partidan Rijekak irabazi egin dio AZ Alkmaarri (2-1), baina bi taldeak kanporatuta geratu dira.
Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak hasieratik jo du garaipenaren bila eta abagune oso argiak izan ditu. Batez ere, Portuk gola sartzeko aukera nabarmena izan du, baina huts egin du ate aurrean bakarrik zegoenean. Jarraian, Mikel Merinoren saiakerak ez du Ospina atezainak babestutako atea zulatzea lortu. Nagusi zen Reala, baina barkatu egin du, eta Napolik norgehiagokan izan duen lehen abagunean gola sartu du; korner baten ostean, aldaratzea jaso du Zielinskik eta boleaz Remiro atezaina gainditu du (1-0).
Maldan gora jarri zaio neurketa Realari, baina txuri-urdinek ez dute etsi eta neurketa berdindu nahi izan dute atsedenaldira iritsi orduko. Januzajek jokaldi bikaina egin du hegaletik, area barruan sartu da, baina baloiak alde egin dio jokaldia gehiegi loratu nahi izateagatik.
Bigarren zatiari ere erasokor ekin dio Donostiako taldeak. Merinok izan du lehen abagunea eta Monrealen erdiraketekin arriskua sortu dute txuri-urdinek. Hala ere, Napoli sendo azaldu da defentsako lanean. Isakek abagunea izan du azken txanpan, baina suediarrak ere ez du asmatu. Partida luzapenean sartu denean, 91. minutuan, Willian Josek gola sartu du (1-1), eta lasaitasuna eman dio Realari. Azken minutuetan, bi taldeek nahikoa zuten berdinketarekin Europa Ligan aurrera egiteko, eta partida bana berdinduta amaitu da.
Fitxa teknikoa:
1 - Napoli: Ospina; Di Lorenzo, Maksimovic, Koulibaly, Rui (Ghoulam, 83. min); Fabian, Bakayoko (Demme, 69. min); Lozano (Politano, 69. min), Zielinski (Elmas, 74. min), Insigne; Mertens (Petagna, 69. min).
1 - Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 46. min), Zubeldía, Le Normand (Isak, 79. min), Monreal (Muñoz, 78. min); Portu (Barrenetxea, 56. min), Guevara (Sagnan, 78. min), Merino, Zubimendi; Januzaj, Willian Jose.
Golak: 1-0, 35. min: Zielinski; 1-1, 91. min: Willian Jose.
Epailea: Orel Grinfeld (Israel). Txartel horiak atera dizkie Mertens (25. min) eta Lozano (41. min) Napoliko jokalariei, baita Zubimendi (39. min), Le Normand (68. min) eta Zubeldía (82. min) Realeko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa