Reala
26. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiarrek Valladolid azpiratu dute Januzaj belgikarrak bigarren zatian sartutako gol bati esker.
Januzaj, taldekideekin gola ospatzen. Argazkia: EFE.
Realak, distira handirik gabe baina merezimenduz, irabazi egin dio Valladolidi Reale Arenan, Adnan Januzajek sartutako gol bati esker (1-0). Modu horretan, txuri-urdinak Txapeldunen Ligako postuetan kokatu dira, eta baikortasunez begiratzen diote Mirandesen aurka asteazkenean jokatu behar duten Errege Kopako finalerdiari.
Izan ere, donostiarrak begi bat Kopako kanporaketan eta beste bat sailkapenean jarrita zutela iritsi dira gaurko neurketara. Gainera, garaipenen marka berria ezarri nahi zuten etxean Lehen Mailan, sei lehia jarraian irabazita baitzetozen (Liga eta Kopa artean), eta euren xedea lortu dute.
Valladolid, bere aldetik, aurreko jardunaldian lortutako garaipenarekin hazita eta etxetik kanpo aipatzeko moduko zenbakiekin (14 puntu) zelairatu da, eta bera izan da nagusi lehen zatiko une askotan. Aukera polit bat ere izan du Enes Unal turkiarraren oinetan, baina Le Normand zuhur ibili aurrelariaren jaurtiketa oztopatzeko, eta baloia Remiroren zutoinaren ondotik atera da desbideratuta.
Realak, aldiz, apenas izan du aukera argirik lehen zatia amaitu denerako, nahiz eta arriskutsuak izan zitezkeen hurbilketak izan dituen aurkariaren area inguruan.
Pucelarrek bisitari deserosoak direla erakusten jarraitu dute bigarren zatian ere. Unalek, adibidez, jokalari arriskutsua dela agerian utzi du, nahiz eta gola falta izan. Reala ere ez da atzean geratu, eta golaren bila joan da. Alex Isakek gertu izan du, orpoz egindako ahaleginean, gaztelarren presiotik ihes egitea lortu duen une bakanetako batean.
Donostiarrek ez dute etsi, eta, hala, Valladolideko defentsaren deskuidu batean, jokaldi bikaina antolatu dute alboko sake batetik: Odegaarden, Zalduaren eta Oyarzabalen artean primeran mugitu dute baloia, eta eibartarrak lehen zutoinera egindako erdiraketa ezin hobeto baliatu du Januzajek buruz, Masip atezainaren ahalegina gainditzeko.
Gerora, Oyarzabal eta Isak aulkira joan dira, asteazkenerako atseden hartzeko asmoz, eta Imanolek Barrenetxea eta Willian Jose zelairatu ditu. Valladolid, berriz, bere jokoan sakontasuna bilatu nahian zebilen Pedro Porro eta Planorekin. Alabaina, abagunea eduki duena Raul Garcia izan da, baina Remirorekin egin du topo.
Azken minutuan, Sandro berdinketa lortu eta bere talde ohiari nahigabea eragiteko zorian izan da, baina atezain txuri-urdina arriskua aldentzeko gertu agertu da beste behin ere.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Odegaard (Sangalli, 90. min), Merino; Januzaj, Oyarzabal (Barrenetxea, 68. min) eta Alex Isak (Willian Jose, 62. min).
0 -Real Valladolid: Masip, Javi Moyano, Olivas, Salisu, Raul Garcia; Joaquin (Plano, 62. min), San Emeterio (Pedro Porro, min. 74), Alcaraz; Sandro, Enes Unal eta Guardiola.
Gola: 1-0, 59. min: Januzaj.
Epailea: Pizarro Gomez (Madril). Txartel horiak: Aritz (Reala) eta Guardiola (Valladolid).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa