Reala
ERREGE KOPA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oyarzabalen eta Odegaarden golek abantaila eman diete txuri-urdinei Mirandesen aurkako kanporaketan.
Oyarzabal eta Odegaard izan dira Realaren golegileak. Argazkia: EFE
Realak abantaila txiki bat hartu du Mirandesen aurkako Errege Kopako finalerdietako kanporaketan, Burgoseko taldeari 2-1 irabazita Reale Arenan. Hala ere, Matheus Aiasen golak kanporaketa oso irekita utzi du, hiru aste barru Anduvako estadioan gertatuko denaren zain.
Reala jakitun zen Bigarren Mailan ari den taldearen arriskuaz. Ligan distira larregirik badabil ere, Kopan ibilbide bikaina egiten ari da, Lehen Mailako hiru talde (Celta, Vila-real eta Sevilla) kanporatu ostean heldu delako txanda honetara. Gainera, kikildu gabe zelairatu da, eta ez da gutxigatik aurreratu Realak utzita Mirandesen ari den Merquelanzen erremate baten bidez, neurketa hasi eta berehala, baina Remirok ondo erantzun dio irundarraren ahaleginari.
Etxeko zaleak lasaitua hartu dute zortzigarren minutuan, epaileak Odeik Porturi egindako penalti inozoa adierazi duenean. Gil Manzanok ez du zalantzarik izan zigor nagusia adierazteko, eta Mikel Oyarzabalek, ohi duen maisutasunarekin, ez du arazorik izan baloia sareetara bidaltzeko.
Dena den, Mirandes ez da beldurtu hain goiz jasotako golarekin, eta ekinean jarraitu du lehen zatian. Gipuzkoarrek, aldiz, ohi baino huts gehiago egin dituzte, eta huts horietako batean, hain justu, iritsi da kanpotarren gola, Matheus Aias brasildarrak area barruan egindako banakako jokaldian.
Gauzak oso ondo bideratuta jarri zaizkio Mirandesi. Reala motel ari zen jokatzen eta akats ugarirekin, apenas ikusiak denboraldi honetan; aitzitik, Martin Odegaardek berriro ere aurretik jarri ditu txuri-urdinak markagailuan handik lasterrera.
Norvegiarrak baloi bat hartu du zelai erdian atsedenaldiaren atarian. Aurrera egin du baloiarekin, eta area kanpotik saiatu da gola sartzen, baina bere jaurtiketa Limonesek aldendu du. Aitzitik, baloia Porturi heldu zaio, baina haren saiakerari ere ezin hobeto erantzun dio Mirandeseko atezainak. Haatik, baloia Odegaarden oinetara heldu da azkenerako, eta Realeko erdilariak ez du hirugarren ahaleginean barkatu.
Neurketa antzeko bidetik joan da bigarren zatian ere: Reala saiatzen zen, baina fintasunik gabe, Porturen ahaleginak gorabehera; Mirandesek, ordea, bizitasuna agertzen zuen.
Alex Isak, azken partidetan taldearen pizgarria izan dena, asmatu ezinda ibili da, eta Willian Jose sartu da haren ordez, hirugarrenaren bila. Jendeak txistuka hartu du brasildarra, eta hark ere ez du bere gaua izan. Bitartean, Mirandesek hazten jarraitu du, eta etxeko zaleek ez dute egoera batere argi ikusten izan.
Lehiaren azken txanpa bi taldeen arteko jabetza trukaketa bat izan da. Ondorioz, abagune argien faltan, 2 eta 1ekoarekin amaitu da kanporaketako lehendabiziko norgehiagoka.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Guevara, 67. min), Le Normand, Monreal, Odegaard, Zubeldia, Merino, Januzaj, Oyarzabal eta Isak (Willian Jose, 66. min).
1 - Mirandes: Limones, Alexander, Sergio, Odei, Kijera, Guridi, Malsa, Merquelanz, Sanchez (Peña, 75. min), Alvaro Rey (Iñigo Vicente, 85. min) eta Matheus (Marcos, 69. min).
Golak: 1-0, 8. min: Oyarzabal, penaltiz. 1-1, 39. min: Matheus Amas. 2-1, 42. min: Odegaard.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Monreal, Oyarzabal, Zaldua (Reala) eta Kijera (Mirandes).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa