22:08

Reala

Errege Kopa

Realak Osasuna kanporatu du, eta final-laurdenetan izango da (3-1)

eitb.eus

Isaken (2) eta Odegaarden (1) golek eman diete sailkapena txuri-urdinei. Gorritxoen gola Marc Cardonak egin du.

  • Realeko jokalariak Osasunaren aurkako gol bat ospatzen.

    Realeko jokalariak Osasunaren aurkako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak eta Osasunak Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketa jokatu dute ostegun honetan Reale Arenan, eta etxekoek lortu dute txapelketan aurrera egitea, 3-1 nagusituta.

Partidaren ardura bere gain hartu dute txuri-urdinek hasieratik, eta Osasuna hori oztopatzen saiatu da, goian presioa eginez.

Ondorioz, lehendabiziko ordu laurdena bete arte, neurketa lotuta egon da. Orduan, baina, Odegaardek erdiraketa bat egin du bigarren zutoinera, eta indarrez sartu den Barrenetxearen erremateari erantzun ona eman dio Juan Perez atezain gorritxoak. Etxekoen aukera horrek bizitu egin du lehia.

Hurrengo minutuetan, Realaren nagusitasuna hazten joan da, eta Isak aurrelariak bi aukera garbi izan ditu bi minuturen buruan (29. eta 30. minutuetan): lehendabizikoan, desbideratuegi atera zaio jaurtiketa; bigarrenean, aldiz, Juan Perezek oin puntarekin alderatu du baloia.

Norgehiagoka zoratu egin da, eta suediarrak hirugarren abagune garbia izan du jarraian, zailena. Alabaina, hirugarren aukera horretan bikain gurutzatu du baloia atezain gorritxoa zegoen tokitik urruti (1-0, 33. minutua).

Gorritxoek, ordea, berehala zapuztu dute etxeko zaleen poztasuna; hiru minutu geroago, hain zuzen ere. Brasanacek baloi bat lapurtu du zelai erdian, eta Ruben Garciari eman dio. Hark area barruan desmarkatzen ari zen Marc Cardona ikusi du, eta kataluniarrak Remiroren ahalegina gainditu du (1-1, 36. minutua).

Berdinketak min egin die Imanolen mutilei, eta atsedenaldira heldu bitartean bisitariak izan dira arrisku handiena sortu dutenak.

Aitzitik, bigarren zatiari erabat agintzen ekin dio Realak, eta gola egiteko zorian izan da 51. minutuan. Aridanek huts egin du baloia atzetik ateratzeko ahaleginean, eta Odeggardi eman dio. Norvegiarrak eskuinera ireki du, baloia Oyarzabali irits zaio, eta eibartarrak ezkerrez egindako jaurtiketa ozta-ozta bidali du kornerrera Juan Perezek, atzelari bat jo ondoren.

Osasunaren erantzuna ia jarraian etorri da, Realak atzealdean egindako beste akats baten ondorioz. Remiro eta Guevara ez dira ondo konpondu, eta bizkorrago ibili den Moncayolak eskuratu du baloia. Nafarraren ahaleginak, baina, langa jo du, Remirok desbideratu eta gero (55. minutua).

Txuri-urdinek ez dute asko itxaron behar izan aurreko jokaldi horrek sortutako beldurra gorputzetik aldentzeko, geldikako bi jokalditan bi gol sartu baitituzte. Odegaardek protagonismo garbia izan du bietan: lehendabizikoan, maisutasunez bidali du sare barrura area ertzetik egindako falta jaurtiketa bat (2-1, 62. minutua); bigarrenean, berak erdiratu du Isaken bigarren gola ekarri duen kornerra, lehen zutoinean buruz errematatuta (3-1, 68. minutua).

Markagailu horrek erabakita utzi du kanporaketa, nahiz eta Jagoba Arrasatek, azken itxaropenei eutsi nahian, hiru aldaketa egin dituen aldi berean: Kike Barja, Adrian eta Rober Ibañez zelairatu ditu Unai Garcia, Marc Cardona eta Ruben Garciaren ordez.

Azken minutuetan, gorritxoak arrisku handiz hurbildu dira Remiroren atearen ingurura, batez ere Estupiñanen bidez, baina ez da nahikoa izan aldea murrizteko.

Ondorioz, gipuzkoarrak izango dira ostiralean Errege Kopako final-laurdenetako zozketan parte hartuko dutenak.

Fitxa teknikoa:

3 - Reala: Remiro, Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen Muñoz (Monreal, 60. min), Guevara, Odegaard, Merino, Barrenetxea (Portu, 69. min), Isak eta Oyarzabal (Aritz, 78. min).

1 - Osasuna: Juan Perez, Estupiñan, Unai Garcia, Aridane, Roncaglia, Nacho Vidal, Iñigo Perez (Kike Barja, 73. min), Darko, Moncayol, Ruben Garcia (Rober Ibañez, 73. min) eta Cardona (Adrian, 73. min).

Golak: 1-0, 33. min: Isak. 1-1, 35. min: Cardona. 2-1, 60. min: Odegaard. 3-1, 68. min: Isak.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Guevara (Reala); Ruben Garcia, Aridane eta Nacho Vidal (Osasuna).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena