Reala
Levanteren aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiarren hiru golak 72. minututik aurrera heldu dira 10 minuturen buruan. Ordura arte galtzen joan dira Levantek partida hasi berritan sartutako golaren bidez.
Realeko jokalariak bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak garaipena lortu du Ciutat de Valencian (1-3), Ligako 12. jardunaldiari zegokion partidan. Txuri-urdinek markagailua irauli dute bigarren zatian, 10 minuturen buruan. Garaipen horrek sailkapenean jauzi egitea ahalbidetzen die Asier Garitanoren mutilei.
Horrenbestez, donostiarrak moralez beteta eta sailkapeneko goiko postuei begiratuz helduko diote selekzioen partidengatik Ligan egongo den geldialdiari; izan ere, txuri-urdinak hiru jardunaldi zeramatzaten garaipenik lortu gabe. Dena den, sasoiko dabilen Levantek estu hartu ditu Realeko jokalariak, baina neurketan zehar izan duten egoera gaiztoari buelta emateko gai izan dira.
Hala ere, Realak bere lehen gola egin duen unera iritsi aurretik (72. minutua), Paco Lopezek zuzentzen duen Levantek oso egoera gozoa ari dela igarotzen erakutsi du, goitik behera nagusitu baitzaio Garitanoren taldeari, aukerak bata bestearen atzetik pilatuta. Gainera, apenas itxaron behar izan dute aurretik jartzeko, Chemak hirugarren minutuan sartu baitu valentziarren gola. Horren ostean, Realak gogotik sufritu du lehen zati osoan, Moralesen, Bardhiren eta Jasonen erasoaldi zorrotzei aurre egin ezinik.
Atsedenalditik bueltan, baina, Bergarako entrenatzaileak Zurutuza sartu du zelaian Zubeldiaren lekuan, eta, ondorioz, alde batera utzi du bost defentsaz osatutako sistema. Horrek beste itxura bat eman dio taldeari, nahiz eta Levantek jarraitzen zuen bai jokoaren agintearekin, bai jokaldi arriskutsuak sortzen.
Alabaina, norgehiagoka amaitzeko 20 minuturen faltan, Theok Realaren garaipenaren lehen urratsa jarri du. Horren ostean heldu dira Juanmi eta Oyarzabalen golak, guztiak 10 minuturen bueltan, eta etxekoen ezintasunaren aurrean.
Garaipen horrek 16 puntu izatea ekarri dio Realari, zeina etxetik kanpo Ligan dagoen talde arriskutsuena den, eta Levanterengandik puntu bakarrera hurbildu da. Hurrengo partidan, donostiarrek Celta hartuko dute Anoetan.
Fitxa teknikoa:
Levante 1: Oier, Rober Pier, Chema, Postigo, Campaña, Prcic (Roger, 84. min), Jason (Moses Sión, 90. min), Morales, Bardhi, Boateng eta Borja Mayoral (Coke, 77. min).
Reala 3: Moya, Aritz, Llorente, Moreno, Theo; Gorosabel (Zurutuza, 46. min), Illarra, Zubeldia (Juanmi, min. 56), Januzaj; Willian Jose eta Oyarzabal.
Golak: 1-0, 3. min: Chema. 1-1, 72. min: Theo. 1-2, 77. min: Juanmi. 1-3, 83. min: Oyarzabal.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak: Boateng, Campaña, Bardhi eta Chema (Levante); Illarramendi (Real Sociedad).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa