Reala
2-2
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak bina (2-2) berdindu du talde kanariarraren aurka Anoetan. Odriozola egotzia izan da azken minutuan.
Reala-Las Palmas (2-2). Argazkia: EFE
Realak bina (2-2) berdindu du Las Palmasen aurka Anoetan. Puntu hau lortu ostean, talde txuri-urdina sailkapeneko zazpigarren postuan da, 19 puntu lortu dituelarik 13 jardunalditan.
Eusebiok zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe lehen minutuetan eta partidako lehen abagunea laugarren minutuan izan dute txuri-urdinek; Llorentek buruz egindako errematea kanpora joan da gutxigatik. Nagusi izan da Eusebiok zuzentzen duen taldea, baina ez du abagune argiegirik sortzea lortu. Las Palmas ezinean ibili da, baina 12. minutuan lehen aukera izan du Tanak egindako jaurtiketa baten bitartez. Pixkanaka, talde bisitariak Realaren presioa gainditu eta erasora jo du. Horrela, 21. minutuan gola sartu du Tanak talde kanariarra aurretik jartzeko (0-1). Remyk jokaldi ona egin, Rullik jaurtiketa desbideratu, eta Tanak sare barrura bidali du aldaratzea. Gola jaso ostean erasora jo du Realak berdinketaren bila eta 30. minutuan lortu du neurketa parekatzea. Willian Josek sartu du gola (1-1), Januzajen pasea jaso eta erremate bikain batekin Las Palmasen atea zulatuta. Lehen zatiko azken minutuetan nagusi izan da Reala, baina ezin izan du aurretik iritsi atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran ez da partidaren gidoia aldatu. Reala izan da nagusi eta azkar sortu ditu bigarren gola sartzeko abaguneak. Willian Joseren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da, eta Oyarzabalek gehiegi gurutzatu du errematea Lizoain atezainaren aurrean. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena pasa orduko beste abagune argi bat izan dute txuri-urdinek; Willian Josek buruz egindako errematea, ordea, kanpora joan da zutoina urratuta. Hainbeste barkatu arren, erasokor jarraitu du Realak eta Januzajek 2-1ekoa sartu du 62. minutuan. Odriozolak hegaletik erdiraketa egin, Lemosek ez du ondo aldendu eta Januzajek sare barrura bidali du errematea. Hala ere, Realari ez dio pozak asko iraun, bost minutu beranduago Las Palmasek partida berdindu baitu. Rulli areatik irten behar izan da arrisku jokaldi bat mozteko, baloia Vierari iritsi zaio, eta area kanpotik gola sartu du (2-2). Azken minutuetan gogotik sufritu du Realak, Las Palmasek abagune bikainak izan baititu: 87. minutuan Remyk zutoinera bidali du jaurtiketa eta 89.ean Rullik kanariarren gola eragotzi du Remyren erremateari erantzun bikaina emanda. Gainera, 92. minutuan, epaileak Odriozola egotzi du, bere burua lurrera botatzeagatik bigarren txartel horia atera ostean.
Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Iñigo Martínez, Kevin; Illarramendi, Zurutza, Xabi Prieto (Canales, min. 68); Januzaj (Juanmi, 79), Oyarzabal (Carlos Vela, min. 66) eta Willian Jose.
2.- U.D. Las Palmas: Lizoain; Rocha, Lemos (Ximo Navarro, in. 62), Bigas, Dani Castellano; Javi Castellano, Aquilani (Calleri, min. 70), Jonathan Vieira; Tana, Vitolo, Remy.
Epailea: Gonzalez Fuertes.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa