Futbola
Final zortzirenak
EITB MEDIA
Hurrenez hurren, Leipzig eta Porto kanporatu dituzte. Manchester Cityk 7-0 menderatu du Alemaniako taldea, joanekoaren 1-1ekoaren ostean, eta Inter Milanek Porton berdintzea lortu du (0-0); Italiako 1-0ekoa baliatuz egin du aurrera Interrek.
Haalandek bost gol sartu ditu, Leipzigen aurkako partidan. Argazkia: EFE.
Manchester City, Erling Haaland aurrelariak bost gol sartuta, eta Inter Milan Txapeldunen Ligako final laurdenetarako sailkatu dira astearte gauean, hurrenez hurren Leipzig eta Porto kanporatuz. Manchester Cityk 7-0 menderatu du Alemaniako taldea, joanekoaren 1-1eko emaitzaren ostean, eta Inter Milanek Porton berdintzea lortu du (0-0); Italiako 1-0ekoa baliatuz egin du aurrera Interrek. Haalandek jokalari batek Txapeldunen Ligako partida batean sartutako gol marka berdindu du.
Manchesterren, Etihad Stadium futbol zelaian, Erling Haaland Manchester Cityko aurrelariak historia egin du. Bost gol sartu ditu. Txapeldunen Ligan, soilik beste bi jokalarik dute lortuta horrelako marka: Leo Messik eta Luiz Adrianok, hain zuzen ere. Messik 2011-12 denboraldian egin zuen, Bartzelona-Bayer Leverkusen partida batean, final zortzirenetan, itzulikoan; neurketa 7-1 amaitu zen. Luiz Adrianok, ordea, multzo fasean egin zuen, 2014-15 denboraldian, BATE Borisoven zelaian, Shakhtar Donetsk taldeak 0-7 irabazitako partida batean (Athletic ere zegoen multzo horretan, 2014-15eko Txapeldunen Ligan). Inork ez du sartu sei gol Txapeldunen Ligako partida batean.
Horrela, Haalandek Manchester Cityk emandako erakustaldia zuzendu du. Hori bai, 1-0ekoa, 22. minutuan, penalti eztabaidagarri baten bidez egin dute (epaileak Leipzigeko jokalari batek baloia eskuz ukitu duela erabaki du); hortik aurrera, baina, Pep Guardiolaren gizonak argi gailendu zaizkio arerioari. Atsedenaldian, markagailuak 3-0eko emaitza adierazten zuen; Haalandek 57. minutuan sartu du bere bosgarren gola, Manchester Cityren seigarrena. Gundoganek eta De Bryunek egin dituzte beste bi golak; Ingalaterrako taldea seigarren aldiz jarraian sailkatu da Txapeldunen Ligako final laurdenetara.
Porton, Do Dragao futbol zelaian, Inter Milanek hasierako 0-0eko emaitzari eutsi dio, eta, horrenbestez, Italian erdietsitako 1-0ekoarekin lotuta, azken hamabi urteotan lehen aldiz sailkatu da final laurdenetarako (azkenengoz, 2010-11 denboraldian lortu zuen Interrek). Simone Inzaghiren taldeak ez du estutasun handiegirik izan aurrera egiteko; hori bai, azken minutuetan, Porto etengabeko erasora jotzen ari zela, kanporaketa luzapena izatetik gertu izan da. Azken txanpa horretan, portugaldarrek bi aldiz errematatu dute zutoinera, eta, azkenean, Marcano Interreko jokalariak ia atepetik atera behar izan du beste erremate bat.
Hortaz, Lukakuk San Siron sartutako gola erabakigarria izan da, Inter Milanek sailkatzea lortzeko eta Porto, aldiz, zortzi onenen artean ez egoteko.
Benfica, Milan, Chelsea, Bayern Munich, Manchester City eta Inter Milan taldeek bermatu dute, ondorioz, Txapeldunen Ligako final laurdenetan izango direla; beste bi taldek lortu behar dute, oraindik: Real Madril ala Liverpool eta Napoli ala Eintracht Frankfurt izango dira.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa