15:51

Futbola

Basque Country Cup

Euskal Selekzioa, garaile Argentinaren eta Venezuelaren aurretik

A. A. | EITB MEDIA

Basque Country International Women's Cup txapelketa eskuratu du, Argentinari irabazita (1-0) eta Venezuelarekin berdinduta (0-0).

1:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Selekzioak eskuratu du Basque Country International Women's Cup txapelketaren lehen edizioa, Venezuelarekin golik gabe berdindu ostean. Neurketa hori Argentinako selekzioarekin batera lehiatu duten hiruko torneoaren parte izan da (45 minutuko hiru partida jokatu dituzte denetara).

Izan ere, Euskal Selekzioak, bere lehendabiziko partidan, 1-0 irabazi dio Argentinari, Yulema Corres Athleticeko aurrelariaren gol batekin. Beraz, garaipen horrek eta  Vinotinto selekzioaren aurkako berdinketak txapelketa bereganatzea ahalbidetu dio Iñigo Juaristik zuzendutako taldeari

Bestalde, Hego Amerikako bi taldeen arteko lehian, txapelketari hastapena eman diona, Argentinak 1-0 garaitu du Venezuela, Mariana Larroquettek sartutako golarekin. Ondorioz, emaitza horri esker Carlos Borrelloren jokalariek bigarren postuan bukatu dute, Venezuelako selekzioaren aurretik.

Azken partidan, Pamela Contik entrenatutako 'Vinotinto' izan da garaipena lortzeko aukerarik garbienak izan dituena. Horietako lehenengoa Joemar Guarecucok egindako jaurtiketa batean etorri da, baina baloiak Euskal Selekzioaren ateko langaren kontra jo du, zortzigarren minutuan.

Ondoren, 22. eta 34. minutuetan, Amaia Peña etxekoen atezainak bere taldea salbatu du, Oriana Altuveren eta Kareylen Capdevillaren jaurtiketen aurrean ondo erantzunez.

Aitzitik, markagailua ez da mugitu, eta golik gabeko berdinketak Euskal Selekzioak txapelketa irabazteko aukera eman dio.

Fitxa teknikoa:

0 – Euskal Selekzioa: Amaia Peña; Naroa Uriarte, Nerea Abances, Oihane Valdezate, Eunate Arraiza; Sheila Elorza, Marta Perea, Itxaso Uriarte; María Díaz, Ane Azkona (Maite Oroz, 21. min) eta Ainhoa Moraza (Peke, 37. min).

0 - Venezuela: Nayluisa Cáceres (Andrea Tovar, 31. min); Maikerlin Astudillo, Meryjoseph Pérez, Yenifer Giménez, Sandra Luzardo; Yerliane Moreno, Lourdes Moreno (Emperatriz García, 31. min); Joemar Guarecuco, Mariana Speckmaier (Kareylen Capdevilla, 21. min), Michelle Romero; eta Oriana Altuve.

 

Yulema Corres, golegile Argentinaren aurka

Euskal Selekzioak torneoan jokatutako lehen partidan, Yulema Corresek sartu du neurketako gol bakarra, Pekek eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat bigarren zutoinean errematatu eta gero.

Iñigo Juaristiren jokalariak nagusi izan dira lehen ordu erdian, eta hainbat aukera izan dituzte aldea handitzeko.

Yulema Corresek jaso du garaikurra.

Hala ere, azken txanpan, argentinarrek berdinketa lortzeko bi aukera on izan dituzte. Hala, 32. minutuan, Eliana Stabilek area kanpotik egindako jaurtiketak langaren aurka egin du tupust bat, eta Larroquettek aldaratzea sareetara bidali badu ere, epaileak baliorik gabe utzi du gola, aurrelari argentinarra jokoz kanpo zegoelako.

Geroago, 39. minutuan, Marianela Szymanowski izan da Carolina Troncosoren erdiraketa buruz errematatu duena, eta berriz ere Andrea de la Navak defendatutako atearen langarekin egin du topo.

Fitxa teknikoa:

1 – Euskal Selekzioa: Andrea de la Nava; Ainhoa Moraza, Ane Etxezarreta, Oihane Valdezate, Eunate Arraiza; Sophie Istillart, Itxaso Uriarte, Maite Oroz, Leire Baños; Peke eta Yulema Corres.

0 - Argentina: Laurina Oliveros; Adriana Sachs (Marina Delgado, 22. min), Giuliana González, Aldana Cometti, Eliana Stabile; Vanesa Santana, Daiana Falfán (Marianela Szymanowski, 22. min); Sophia Braun (Romina Núñez, 12. min), Carolina Troncoso, Yamila Rodríguez; eta Mariana Larroquette.

Gola: 1-0, min. 4: Yulema.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena