Futbola
Kopako final-hamaseirenak
Jesus Elordui | EITB.EUS
Realak eta Barakaldok, aldiz, ezin izan dute Las Palmas eta Valentzia gainditu, eta Kopatik kanpo geratu dira.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Eibar eta Athletic Errege Kopako final-zortzirenetan izango dira; biek gol-sorta lortu dute Ponferradina (4-0, Ipuruan) eta Linenseren aurka (6-0, San Mamesen). Realak eta Barakaldok, aldiz, ezin izan dute Las Palmas eta Valentzia gainditu, eta lehiaketatik at geratu dira final-hamaseirenetan.
Eibarren garaipen historikoa
Eibarrek meritu handiko garaipena lortu du Ipuruan Ponferradinaren aurka. Mendilibarren gizonek joaneko partidako 3-0ekoari eman nahi zion buelta, eta asmo hori hasieratik erakutsi dute gipuzkoarrek. Neurketako gakoetako bat lehen zatiko azken minutuetan jazo da: alde batetik, Ponferradinako Berrocalek txartel gorria ikusi du, Pantici ukondokada emateagatik; eta beste alde batetik, Borja Bastonek lehen gola sartu du atsedenaldia heldu baino lehen. Bigarren zatian jaun eta jabe izan dira armaginak; jokalari bat gehiago zutela aprobetxatuz, Ponferradina bere arean sartzen saiatu dira, eta lortu ere lortu dute. Sergi Enrichen, Verdiren eta Arruabarrenaren golek (tolosarrak penaltiz sartu du) sailkatzeko balio izan dute.
Athleticek, zailtasunik gabe
San Mamesen, Athleticek zailtasunik gabe lortu du garaipena Linenseren aurka; orokorrean, kanporaketan zehar, zuri-gorriek nagusitasuna erakutsi dute. Ernesto Valverdek, ezustekorik saihesteko, Ligan titular jokatzen duten jokalari askok osatutako hamaikakoa zelairatu du. De Marcosek egin du lehen zatiko gol bakarra, jaurtiketa on batez baliatuta, eta bigarren zatian gainerako gol guztiak heldu dira: Erasok, Etxeitak, Solak, Raul Garciak eta Ricok biribildu dute markagailua. Athletic hurrengo arerioaren zain dago, dagoeneko.
Realak ez du zorterik izan
Realak azken minutura arte izan ditu aukerak Anoetan, baina azkenean Las Palmasek joaneko partidako 2-1ekoari eutsi dio eta Kopatik at utzi ditu Eusebioren gizonak. Txuri-urdinek hasieratik izan dituzte abaguneak kanporaketari buelta emateko, baina ez dute lortu, eta kanariarrek korner batean sartutako golak, atsedenaldira Joan aurretik, zailago jarri ditu gauzak donostiarrentzat. Bigarren zatia hasi bezain laster, Sergio Canalesek partida berdindu du, ezkerkada izugarri batekin; amaierara arte, Reala ahalegindu da bigarren gola egiten, luzapena behartzeko, baina ezinezkoa izan da.
Kopa handia, Barakaldorentzat
Barakaldok ahalegin handia egin du Mestallan, baina Valentziaren nagusitasunak kanporaketa erabakita utzi du, lehen zatian ere. Santi Minak etxeko taldea aurreratu du, eta Negredok biribildu du markagailua. Bizkaitarrek, dena den, Kopa oso ona egin dute, eta behar bezala lehiatu dira Txapeldunen Ligako maila duen arerio baten aurka. David Movillaren gizonek erakutsi dute, Lasesarren zein itzulerako partidan, zergatik dabiltzan bikain Ligan; izan ere, jarraipena izan du Kopan erregulartasuneko txapelketan Barakaldo ematen ari den mailak.
Gaurko gainerako kanporaketak
Gainerako kanporaketetan, Mirandesek Malaga kanporatu du (2-1 joanekoan, Anduvan, 0-1 itzulerakoan, Rosaledan), eta Rayok Getafe gainditu du (2-0, Vallecasen, eta 3-1, Alfonso Perezen).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa