Osasuna
EA Sports Liga
EITB MEDIA
Andre Almeidak, 18. minutuan, Valentziari garaipena eman dion gola sartu du. Jagoba Arrasateren gizonek berdinketa merezi izan dute, eta, luzapenean, penalti bat izan du alde, baina Ante Budimirrek, huts egite harrigarri batean, ezin izan du sareetara bidali.
Budimirrek ezin izan du penaltia sartu, luzapenean. Argazkia: EFE.
Osasunak 0-1 galdu du Valentziaren aurka, Sadarren, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 31. jardunaldian, astelehen gauean. Andre Almeidak egin du, 18. minutuan, Valentziari garaipena eman dion gola, baina partida 96. minutuan izandako beste jokaldi batek markatu du; izan ere, Osasunak aldeko penalti bat izan du, eta Ante Budimirrek hartu du bere gain Jagoba Arrasateren taldeari merezitako puntua eman ahal zion penaltia jaurtitzeko ardura, baina aurrelari kroaziarrak oso gaizki jo du eta Mamardashvili Valentziako atezainak ez du arazorik izan baloia gelditzeko.
Osasuna-Valentzia partidako laburpena (0-1)
Emaitza hori zenbatuta, Osasuna hamaikagarren dabil, eta zazpigarren postua, alegia, Konferentzia Ligarako txartela ematen duen tokia, zortzi puntura du, zazpi jardunaldi gelditzen direla. Kontuan izanik Valentzia dabilela zazpigarren postu horretan, Nafarroako taldeak abagune polita zuen Europarako lehian aurrerapauso handia emateko, baina ezin izan du; Osasunak partida ona jokatu du, eta gutxienez puntu bat eskuratzeko moduko merituak egin ditu, baina ez du asmatu aurkariaren atearen aurrean, eta, azkenean, galdu egin du.
Lehenengo zatian, Arrasateren gizonak indartsu zelairatu badira ere, Valentziak arriskua sortu du, joko azkar eta sakona eginez. Horrela sortu du Ruben Barajaren taldeak 0-1ekoaren jokaldia, Andre Almeidak ondo amaitutako eraso batean.
Aurreneko zati horretako azken minutuetan, Osasunak jokoaren kontrola hartu du, eta Moi Gomezek, areatik kanpo, zutoinera jaurti du. Bigarren zatian, gorritxoen erasoaldia etengabekoa izan da; Jorge Herrandok eta Ante Budimirrek, besteak beste, gertu-gertu izan dute berdinketa.
Hala, partida luzapenean sartu da, eta tarte horretan, Valentziaren arean, Budimirren eta Hugo Guillamonen arteko lehia bat izan da; Martinez Munuera epaileak, VARean kontsultatuta, penaltia adierazi du, baina Budimir, beti jaurtitzaile oso ona izanda ere, ez du gauzatu. Osasunak, horrenbestez, ezin izan du porrota ekidin.
Fitxa teknikoa
0 – Osasuna: Herrera: Areso, David Garcia, Herrando, Juan Cruz (Mojica, 58. min); Moncayola (Pablo Ibañez, 77. min), Iker Muñoz, Moi Gomez; Ruben Garcia (Peña, 77. min), Budimir, Arnaiz (Raul, 77. min).
1 – Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Mosquera, Cenk, Vazquez; Fran Perez (Peter, 79. min), Javi Guerra (Amallah, 88. min), Pepelu, Diego Lopez (Correia, 88. min); Almeida (Mari, 76. min), Duro (Guillamon, 76. min).
Gola: 0-1, 18. min: Almeida. .
Epailea: Jose Munuera Montero, Masso Granadok eta Martinez Morenok lagunduta. Valentziako Duro Mamardashvili zigortu ditu, txartel hori bana aterata.
Gertakizunak: EA Sports Ligako 31. jardunaldiko partida. Sadarren jokatu dute, eta 19.480 zale izan dira bertan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa