Osasuna
Kluba utziko du
EITB MEDIA
Berriatuko entrenatzaileak 2018ko udaran sinatu zuen Nafarroako klubarekin, eta, asteartean baieztatu duenez, 2023-24 denboraldia amaituta ez du jarraituko talde gorritxoan.
Albisteak (3)
Jagoba Arrasatek ez du berrituko Osasunarekin, eta, hortaz, ekainaren 30ean kluba utziko du, asteartean prentsaurrekoan iragarri duenez. Luis Sabalza presidentearekin eta Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin batera egindako ekitaldian, Berrituko entrenatzaileak adierazi du erabaki duela Osasunarekin duen kontratua ez berritzea.
Entrenatzaileak argudiatu du ez zegoela "erabat konbentzituta" klubak egindako berritze eskaintza onartzeko. Galdetu diotenean zergatik ez zuen aipatutako konbentzimendu hori, Jagoba Arrasatek adierazi du 2023-24 denboraldia "zaila" izan dela: "Denboraldiaren hasieran, etsipen handia izan genuen", nabarmendu du, talde gorritxoa Konferentzia Ligatik kanporatuta gelditu zenean gogora ekarrita, "eta dena baloratzen duzu. Nire nahia da Osasunarekin ondo amaitzea. Jarraitu ahalko nuen, baina zintzoa izan behar naiz", azpimarratu du.
Arrasatek esan du "pixka bat gainezka eginda" sentitzen dela, kontuan izanik jaso dituen "maitasun keinuak": "Osasunak zoriontsu egin nau", adierazi du, hunkituta. Entrenatzailea ahalegindu da nabarmentzen ez dela izan ezegonkortzeko moduko inolako eragilerik, iragarri duen erabakia hartzeko.
Erabaki "zaila"
"Erabaki zaila da, pentsatuko duzuenez; lasai nago, bakean neure buruarekin. Ez da agur esatea; Ligako bederatzi partida gelditzen dira. Iritsi egingo da agurra", adierazi du, malko artean, euskal entrenatzaileak.
Arestian esan bezala, Arrasatek esan du ez duela "beste garai batzuetako konbentzimendua. Erabat konbentzituta ez banago, zaila da zoriontsua izatea. Zoriontsua ez banaiz, zaila da neure onena ematea. Uste dut heldu dela garaia. Ordu konplexuak dira", onartu du.
Jagoba Arrasate 2018ko udaran heldu zen Osasunara, Numantziatik. Denboraldi bikaina egin zuen Bigarren Mailan, eta igoera historikoa lortu zuen 2019an; Lehen Mailan lau urtez jarraitu eta gero, argi utzi du proiektuko kapitaina eta liderra dela.
Nafarroako klubean emandako sei urteei erreparatuta, honakoa esan du: "Hobeak egin ditugu elkar. Duela sei urte, denok geunden okerrago. Nik Bigarren Mailan entrenatzen nuen, eta Braulio Bigarren Mailan zebilen kirol zuzendari. Sei urteren buruan, hobeto gaude".
2022-23 denboraldian, Osasunak bere onena eman zuen; izan ere, Errege Kopako finala jokatu zuen talde gorritxoak, Sevillan, Real Madril aurkari, eta Ligan, 16 urte eta gero, Osasuna nazioarteko txapelketan sartu zen; sailkatze horrek, baina, espero baino gutxiago iraun zuen, atarikoan Brujasek kanporatu baitzuen Iruñeko taldea. 2024ko urtarrilean, halaber, Espainiako Superkopa jokatu zuen Osasunak.
"Ez dira egun samurrak izan"
Azken egunotan hartutako erabakiaz, Arrasatek azaldu du ez direla "egun samurrak" izan: "Klubak jarraitzea eskaini zidanetik, hausnarketa prozesuan sartu nintzen. Epe hori luze egin da. Guztioi eskerrak eman nahi dizkiet, eta lasai nago neure buruarekin".
Entrenatzaile bizkaitarrak behin eta berriz esan du asteartean emandako prentsaurrekoan ez zela "agur esateko agerraldia", baizik eta kontratua ez berritzeko erabakia iragartzeko; nabarmendu duenez, denboraldi amaieran kazetarien aurrean azaltzean, "baliteke behera egitea".
Luis Sabalza Osasunako presidenteak eta Braulio Vazquez kirol zuzendariak berretsi dute klubak ez zuela "B planik", alegia, ez zuela pentsatuta beste entrenatzaileren batekin hitz egitea. Sabalzak eta Brauliok eskerrak eman dizkiote Arrasateri, eta gogora ekarri dute azken sei denboraldietan talde gorritxoak bizi izandako une ez hain gozoak; Jagoba Arrasatek beti izan du klubaren babesa, jendaurrean.
Gutxienez bi aldiz, Berriatuko entrenatzaileak adierazi du Iruñeko taldeak, 2023-24 denboraldian, ezin izan diola "jarraipenik eman" aurreko denboraldian erakutsitako maila bikainari. Nolanahi ere, Arrasatek ontzat eman du Osasunak orain arte duen balantzea; Liga amaitzeko oraindik txapelketako ia laurden bat gelditzen denean, gorritxoak hamabigarren postuan dabiltza, eta, jokatutako 29 jardunaldietan, 36 puntu dituzte, alegia, lehen jaitsiera postuan dagoen Cadizek baino 14 puntu gehiago.
Jagoba Arrasatek Osasunako jokalarientzako esker oneko hitzak izan ditu; azaldu duenez, asteartean bertan esan die futbolariei erabakita zuela ez berritzea. Horrez gain, klubaren eta hurrengo entrenatzailearen esanetara jarri da, etorkizunean behar duten edozein konturako. Prentsaurrekoan izan diren kazetariek txaloka agurtu dute entrenatzailea.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa