18:49

Osasuna

Errege Kopa

Arnaizek Kopako final-zortzirenetan sartu du Osasuna, Castelloren aurka gola luzapenean eginda (0-1)

EITB MEDIA

Jagoba Arrasateren gizonek partida ona jokatu dute Nou Castalian, eta aukerak izan dituzte kanporaketa lehenago ere erabakitzeko; dena den, 108. minutuan gauzatu dute zelaian erakutsitako nagusitasuna, Jose Arnaizek orduan egin baitu gol erabakigarria.

3:55
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasuna 2023-24 denboraldiko Errege Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da igandean, txapelketako final-hamaseirenetan Castelloren aurka Nou Castalia futbol-zelaian 0-1 irabazita. Jose Arnaizek luzapenean, 108. minutuan, egin du Osasuna hurrengo kanporaketara eraman duen gola. Jagoba Arrasateren gizonek partida ona jokatu dute, eta aukerak izan dituzte kanporaketa lehenago ere erabakitzeko; dena den, norgehiagokako azken partean gauzatu dute zelaian erakutsitako nagusitasuna, Jose Arnaizek egindako gol erabakigarriaz.

Lehen zatian, Osasunak izan du partidako kontrola, eta arrisku handiko hainbat jokaldi sortu ditu, baina markagailuan ez da aldaketarik izan, eta atsedenaldian norgehiagokak 0-0 jarraitzen zuen. Gol aukerarik argiena Raul Garciak izan du, aurreneko zatia amaitzear zegoela, burukada batean; aurrelariaren errematea, baina, langara joan da, zuzenean. Raul Garcia bera izan da protagonista beste abagune batzuetan, baina ez da golik izan lehen 45 minutu horietan.

Bigarren zatian, erritmo bizia izan da zenbait tartetan, eta biek ala biek izan dute jokoa kontrolatzeko aukera; izan ere, Castello indartsu zelairatu da, baina Osasunak ondo erantzun du, eta gola sartzeko aukerak izan ditu. Azken minutuetan, luzapena hurbil zegoela, bi taldeek jo dute aurrera, gol erabakigarriaren bila; Villahermosak, 83. minutuan, zutoinera jaurti du, eta, ia jarraian, Raul Garciak, atezainaren aurrean, oso gutxigatik bota du baloia kanpora. Horrenbestez, kanporaketa luzapenera joan da.

Luzapenaren hasieran, lehia parekatua izan da; gerora, aldiz, Osasunak estutu egin du, eta gola sartu du, azkenean. 107. minutuan, Schwake etxeko atezainak geldiketa bikaina egin du, Ruben Peñak buruz errematatu eta gero; hurrengo jokaldian, Jesus Areso ondo sartu da eskuinaldetik, eta pase sakona sartu dio Jose Arnaizi; azken horrek gola egin du.

Torrok, falta batean, eta Budimirrek, buruz, zutoinera errematatu dute. Castellok, ordea, ez du amore eman, eta azken minutuetan erasora jo du. Etxekoek erakutsi dute zergatik dabiltzan horren ondo Hypermotion Ligan, baina Osasunak, sailkatzeaz gain, Superkoparako bultzada handia jaso du. Ostegunean hasiko da txapelketa hori, Saudi Arabian.

Fitxa teknikoa

Castello: Schwake; Chirino, Alberto Jimenez, Granero; Iago Indias (Jeremy de Leon, 99. min), Oscar Gil, Moyita (Calavera, 45. min; Villahermosa, 74. min), Salva Ruiz (Raul Sanchez, 70. min; Suero, 112. min), Manu Sanchez (Kastaneer, 70. min), Medunjanin eta Jesus de Miguel.

Osasuna: Aitor; Nacho Vidal (Ruben Peña, 63. min), Juan Cruz, David Garcia, Herrando; Torro, Ibañez (Moncayola, 105. min), Darko (Aimar, 76. min), Kike Barja (Arnaiz, 76. min), Ruben Garcia (Budimir, 88. min) eta Raúl (Areso, 88. min).

Gola: 0-1, Arnaiz, 107. min.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtzia). Castelloko Alberto Jimenez, Chirino, Iago Indias eta Dick Schreuder entrenatzailea eta Osasunako Torro eta Budimir zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketako partida. 14.182 zale bildu dira Nou Castalian. Zelaia bete egin da.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena