Osasuna
Kopa
EITB MEDIA
David Garciak 91. minutuan eraman du kanporaketa luzapenera, Ruben Garciak 2-2koa egin du luzapeneko bigarren zatian, eta, penaltietan, Herrerak Canalesen jaurtiketa gelditu du eta nafarrek jaurti dituzten laurak sartu dituzte.
Albisteak (2)
Osasuna Kopako final laurdenetarako sailkatu da asteazkenean balentria eginda, Benito Villamarin zelaian, egungo txapelduna den Betis penaltietan kanporatuta, partida, luzapenaren ostean, 2-2koarekin amaitu eta gero. Kanporaketa oso ikusgarria izan da, Osasunak neurketa handia burutu du eta gorritxoek laurdenetarako txartela merezi izan dute.
David Garciak, 91. minutuan, alegia, partidako luzapenean, William Carvalhok Betisentzat egindako gola berdindu du, eta Ruben Garciak, 116. minutuan, bigarren berdinketa lortu du. Jokoak, minutuek aurrera egin ahala, kalitate handiagoa bereganatu du, betiere lehia estu batean, eta luzapena ederra izan da, zirraragarria. Jagoba Arrasateren taldeak une oro eman du inpresioa gaitasuna zuela hirugarren gola sartu eta penaltiak ekiditeko. Penalti jaurtiketetan, baina, oso fin aritu da gorritxoak, eta Chimy Avilak, Ante Budimirrek, Jon Moncayolak eta Kike Barjak bat ere ez dute huts egin; Betisen aldetik, baina, Canalesek ondo jaurti du baina Sergio Herrera Osasunako atezainak geldiketa polita egin du, eta Guido Rodriguez argentinarrak laprast egin du baloia jo aurretik, eta kanpora bota du.
Osasunak lehen zati ona egin du. Talde sevillarra ez da batere eroso ibili; izan ere, Arrasateren gizonek ordenari eutsi diote, baloia ondo mugitu dute zelai erdian, eta azken partidetan erakutsitako maila ona berretsi dute. Ez da ia aukera argirik izan, eta Osasunak ozen esan dio 2022ko Kopako txapeldunari ez zuela inolako erraztasunik izango aurrera egiteko. Hori bai, azken minutuetan, falta jaurtiketa batean, Willian Josek erremate bikaina egin du, eta Sergio Herreraren geldiketa ere ederra izan da, 0-0ekoari eusteko.
Talde nafarraren asmoa jokoa are gehiago bizitzea izan da, bigarren zatiko hasieran, eta Osasunak arriskua eraman du Betisen areara, Abde eta Kike Garciaren bidez. Betisek, baina, aurrera hartu du, 62. minutuan; jokaldia Osasunaren atzealdeko eskuinaldean hasi da, erdiraketa ezin izan du urrundu Arrasateren taldeak, eta, lehen erremate batean baloia atepetik aterata, William Carvalhok jaso du, bakar-bakarrik. Portugaldarrak ez du hutsik egin, eta sareetara bidali du.
Osasunak, baina, ez du amore eman. Kike Barjak jokaldi politak egin ditu ezkerrean, eta gorritxo guztiek betiko adorea eta grina erakutsi dute, Claudio Bravoren atera iristeko. Borja Iglesiasek aukera ona izan du bigarren gola lortzeko, baina Herrerak erantzun egokia eman dio haren ezkerkadari. Luzapenean, 91. minutuan, burukada baten bidez, David Garciak berdinketa egin du; Aimar Orozek erdiratu du, bigarren zutoinera, eta atzelari iruindarra indartsu sartu da, denboraldiko bere zortzigarren gola erdietsita (sei Ligan, eta bi Kopan). Osasunak beste 30 minutu zituen final laurdenetarako txartela eskuratzeko.
Luzapena ikusgarria izan da, oso bizia. Betisek, kontraeraso azkar bat baliatuta, berriro hartu du aurrea markagailuan, lehen zatia amaitu baino pixka bat lehenago; Sabalyk sartu du gola, Borja Iglesiasen pasea jasota. Baina bigarren zatiko hamabosgarren segundoan, Ruben Garciak Sabalyren beraren akats bat aprobetxatuz, bigarren berdinketa lortu du. Ez da beste golik izan, nahiz eta bi taldeak gogor ahalegindu diren; ematen zuen Betisen eta Osasunaren asmoa zela penaltietara ez iristea, baina, azken finean, 30 minutuak agortuta, penaltiek erabaki dute.
Penaltietan, ikusi da Osasuna talde handia dela, guztiz fidagarria eta sendoa. Chimyk, Budimirrek, Moncayolak eta Barjak nafarren penalti guztiak sartu dituzte, bat ere huts egin gabe; Betisen aldetik, aldiz, Canalesek ezin izan du Herrera gainditu, Osasunako atezainak geldiketa bikaina egin duelako, eta, azken penaltian, Guido Rodriguezek irrist egin du, eta ez du jaurtiketa behar bezala bideratzerik izan.
Horrela, Osasuna bikain sailkatu da final laurdenetarako. Arrasateren gizonak ostiraleko zozketaren zain daude, beraz.
Fitxa teknikoa:
Betis: Claudio Bravo; Sabaly, Luiz Felipe, Edgar, Miranda (Abner Vinicius, 97. min.); Guido Rodriguez, William Carvalho (Paul, 112. min); Luiz Henrique (Loren, 77. min), Canales, Rodri (Aitor Ruibal, 58. Min.); eta Willian Jose (Borja Iglesias, 58. min).
Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Unai Garcia (Aridane, 106. min.), David Garcia, Juan Cruz (Manu Sanchez, 77. min.); Aimar, Torro (Diego Moreno, 77. min.), Darko Brasanac (Chimy Avila, 71. min.); Abde, Kike Garcia (Budimir, 71. min) eta Ruben Garcia (Kike Barja, 71. min.).
Golak: 1-0, 62. min.: William Carvalho. 1-1, 92. min.: David Garcia. 2-1, 103. min.: Sabaly. 2-2, 106. min.: Ruben Garcia.
Penaltiak: Chimy Avila (0-1), Borja Iglesias (1-1), Budimir (1-2), Loren (2-2), Moncayola (2-3), Canales (Sergio Herreraren geldiketa) (2-3), Kike Barja (2-4), Guido Rodriguez (kanpora) (2-4).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa