Eibar
2-2
eitb.eus
Talde armaginak bina (2-2) berdindu du Butarquen. Irabazten hasi dira Kike Garciaren eta Jordanen golei esker, baina En-Nesyrik partida berdintzea lortu du, bi gol sartuta.
En-Nesyri eta Bigas, Leganes - Eibar partidan. Argazkia: EFE
Eibarrek bina (2-2) berdindu du Leganesen aurka Butarquen eta puntu bat urratu du. Armaginek bi goleko abantaila izan dute, baina bigarren zatian kaskar ibili dira, eta aurkariak lehia berdintzea lortu du.
Lehen zatia parekatua eta abagune gutxikoa izan da. Bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea, eta honen erakusle izan da, 28. minutura arte ez dela gol-aukerarik ikusi Butarqueko berdegunean. Lehen abagunea orduan sortu du Eibarrek, 29. minutuan, eta berean gola egin du; Jordanek kornerra atera du, eta Kike Garciak sare barrura bidali du errematea (0-1). Golak lasaitasuna eman dio talde armaginari eta baloiaren jabe egin da. Nagusitzen hasi da Mendilibarrek zuzentzen duen taldea. Horrela, 37. minutuan, 0-2koa sartu du Joan Jordanek, maisuki jaurti duen falta baten bitartez.
Atsedenaldia ez zaio ondo etorri Eibarri, bigarren zatia hasi bezain laster Leganesek gola sartu baitu. Jordanek baloia galdu du, En-Nesyri area ingurura iritsi da, eta Dmitrovic atezaina gainditu du (1-2) jaurtiketa on batekin.
Leganesen golak min egin dio Eibarri. Etxeko taldea, aldiz, gora etorri da, eta abagune argiak sortu ditu: 48. minutuan, Braithwaiteren jaurtiketa kanpora joan da, eta hiru minutu beranduago, Arbillaren eta Dmitrovic atezainaren artean eragotzi dute gola, En-Nesyriren jaurtiketa desbideratuta. Eibar ezinean ibili da, eta ez da abagunerik sortzeko gai izan. Leganes nagusi izan da, eta neurketa berdintzea lortu du, 67. minutuan; Bustinzak erdiratu egin du hegaletik, eta En-Nesyrik binakoa (2-2) sartu du, buruz.
Neurketako azken txanpa oso parekatua izan da. Leganes eta Eibar ez dira gai izan abagune argirik sortzeko, eta bina (2-2) berdinduta amaitu da partida Butarquen.
Fitxa teknikoa:
2 - Leganes: Cuellar; Nyom, Bustinza, Omeruo, Siovas (Arnaiz, 46. min), Jonathan Silva; Recio, Vesga, Oscar Rodriguez (Santos, 89. min); En-Nesyri (Merino, 85. min) eta Braithwaite.
2 - Eibar: Dmitrovic; Peña, Arbilla, Bigas (Ramis, 70. min), Cote; De Blasis, Jordan, Diop, Cucurella (Escalante, 80. min); Kike Garcia eta Sergi Enrich (Charles, 70. min).
Golak: 0-1, 29. min: Kike Garcia. 0-2, 35. min: Jordan. 1-2, 46. min: En-Nesyri. 2-2, 67. min: En-Nesyri
Epailea: Hernandez Hernandez. MTxartel horiak atera dizkie Siovas (34. min), Cucurella (37. min), Recio (51. min), Dmitrovic (65. min) eta Charles (87. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa