Eibar
1-1
eitb.eus
Talde armaginak bana (1-1) berdindu du Benito Villamarinen jokatu duen neurketa. Sanabriak sartu du Betisen gola, eta Orellanak egin du Eibarrena.
Orellana, Eibarrek Betisei sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Eibarrek Betisen aurka bana (1-1) berdinduta esan dio agur 2018. urteari. Talde armaginak 21 puntu batu ditu Ligako lehen 17 jardunaldietan, 5 garaipeneko, 6 berdinketako eta 6 porooteko balantzearekin.
Betisek izan du baloiaren jabetza partidaren hasieran, baina lehen abagunea talde armaginak izan du 9. minutuan, Pau atezainak desbideratu duen Orellanaren jaurtiketaren bitartez. Ondoren, Sidneik zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta ordutik aurrera nagusi izan da etxeko taldea. Ondorioz, 20. minutuan, gola sartu du Betisek; Tellok area barruan jaso du baloia, pasea eman, eta Sanabriak sare barrura bidali du errematea (1-0). Golaren ostean, bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argiak sortzeko eta Betisgol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi bezain laster, min hartu du Escalantek eta bere ordez Diop zelairatu du Mendilibarrek. Talde armagineko entrenatzailea egotzia izan da 58. minutuan, protesta egiteagatik. Partida parekatuta egon da, bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea bigarren zatiko lehen minutuetan, baina, 65.ean, Sergi Enrichek huts galanta egin du ate aurrean errematea kanpora botata. Lau minutu beranduago, Pau Lopez atezainak Eibarren gola eragotzi du, Kike Garciaren jaurtiketa desbideratuta. Neurketako 70. minutuan, epaileak talde armaginaren aldeko penaltia adierazi du, Feddalek heldu egin baitio Ramisi area barruan. Penalti jaurtiketa Orellanak egin du, eta gola sartuta neurketa berdindu du (1-1).
Lehia berdindu ostean gora etorri da Eibar, eta Pau Lopezek erantzun bikaina eman dio Jordanek egindako jaurtiketari. Partidako 80. minutuan, Canalesek bizkarra hartu die Eibarreko defentsei, area barruan sartu da, errematea egin du, eta Riesgo atezainak gola eragotzi du, baloia desbideratuta. Hurrengo jokaldian etorri da Eibarren erantzuna, baina Kike Garciak kanpora bidali du jaurtiketa, oso gutxigatik. Azken minutuetan bi taldeetako bat ere ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko eta berdinduta amaitu da partida (1-1).
Fitxa teknikoa:
1 - Betis: Pau Lopez; Francis (Barragan, 87. min), Mandi, Bartra, Sidnei (Feddal, 17. min), Tello; Lo Celso, William Carvalho, Canales; Joaquin (Loren, 83. min) eta Sanabria.
1 - Eibar: Riesgo; Ruben Peña; Ramis (Paulo, 72. min), Arbilla; Cote; Orellana (De Blasis, 89. min), Jordán, Escalante (Diop, 49. min); Cucurella; Enrich eta Kike Garcia.
Golak: 1-0, 21. min: Sanabria. 1-1, 72. min: Orellana, penaltiz.
Epailea: Carlos del Cerro Grande. Jose Luis Mendilíbar Eibar taldeko entrenatzailea egotzi du 58. minutuan. Eibar taldeko Escalante (32. min), Ramis (42. min), Jordan (86. min) eta Paulo (88. min) jokalariei txartel horiak atera dizkie, baita Betiseko Lo Celso (56. min) eta Feddal (71. min) futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa