Eibar
1-1
Erredakzioa
Valentziak aurrea hartu du Rodrigoren golari esker, baina Charlesek neurketa berdindu du penaltiz gola sartuta.
Ramis eta Santi Mina, Eibar-Valentzia (1-1) partidan. Argazkia: EFE
Eibarrek bana (1-1) berdindu du Valentziaren aurka LaLigako 16. jardunaldiko partida. Ipuruan jokatutako neurketan puntu bana eskuratu du talde bakoitzak. Armaginek 19 puntu dituzte, eta valentziarrek 18 puntu.
Neurketa bizi hasi da, eta bi taldeek hasieratik erakutsi dute garaipenaren bila atera direla. Eibarrek izan du lehen abagunea, Neto atezainak desbideratu duen Charlesen jaurtiketa baten bitartez. Valentziaren erantzuna azkar etorri da, kanpora joan den Cherysheven jaurtiketa batekin. Rodrigok abagune bikaina izan du 20. minutuan, baina Riesgo atezainak eragotzi du gola, Valentziako aurrelariaren errematea kornerrera desbideratuta. Pixkanaka, talde bisitaria hasi da nagusi izaten, eta Riesgok beste gol bat eragotzi du 25. minutuan Santi Minaren aurkako buruz-burukoan garaile aterata. Hiru minutu beranduago jaso du saria Valentziaren ekinak; Wassek pase ona eman du hegaletik eta Rodrigo Morenok sartu du 0-1ekoa. Lehen zatiaren amaieran bi jokalari lesionatu zaizkio Valentziari; Coquelin eta Gabriel Paulista, eta Marcelino entrenatzaileak bi aldaketa egin behar izan ditu atsedenaldiaren aurretik.
Bigarren zatiari gogotsu eta erasokor ekin dio Eibarrek. Valentzia, aldiz, zain egon da kontraerasora irten eta abantaila handitzeko. Hala ere 53. minutuan, epaileak armaginen aldeko penaltia adierazi du bideo-arbitraje laguntzailea (VAR) erabilita, talde bisitariko jokalari batek eskuarekin moztu baitu Ruben Peñaren erdiraketa. Charlesek jaurti du penaltia eta banakoa (1-1) ezarri du.
Neurketa berdindu ostean Eibar izan da baloiaren jabe, baina talde gipuzkoarrari kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Hala ere, 80. minutuan, Cotek langara bidali du falta jaurtiketa eta 5 minutu beranduago, Eibarrek penaltia eskatu du ustez Diakhabyk baloia eskuarekin moztu duelako area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Azken minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu eta norgehiagoka berdinduta amaitu da (1-1).
Fitxa teknikoa:
1 - Eibar: Riesgo; Ruben Peña, Ramis , Oliveira, Cote; Orellana, Jordan, Diop, Cucurella (De Blasis, 68. min); Enrich (Escalante, 81. min), Charles (Kike Garcia, 89. min).
1 - Valentzia: Neto; Wass, Garay, Paulista (Diakhaby, 41. min) , Gaya; Soler, Coquelin (Piccini, 45. min), Parejo, Cheryshev (Torres, 81. min); Santi Mina, Rodrigo.
Golak: 0-1, 28. min, Rodrigo. 1-1, Charles, 55. min.
Epailea: Cordero Vega. Rodrigori (Valentzia) txartel horia atera dio.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa