23:16

Eibar

1-2

Eibar Europari begira jarri da Las Palmasi irabazi ostean

Erredakzioa

Talde armaginak 1-2 irabazi du, eta sailkapeneko goialdera begira jarri da. Galtzen hasi da Mendilibarrek zuzentzen duen taldea, baina emaitza irauli du Orellanaren eta Enrichen golei esker.

  • Sergi Enrich. Argazkia: EFE

    Sergi Enrich, Las Palmasi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek 1-2 irabazi dio Las Palmasi eta talde armaginak bolada onean jarraitzen du. Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak 27 puntu ditu, eta Europako postuei begira jarri da. Azken zazpi partidetan, sei garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu Eibarrek.

Partidari bizi ekin dio Eibarrek. Armaginak baloiaren jabe egin dira, eta abagune argirik sortu ez duten arren, atzean sartu dute Las Palmas. Etxeko taldea ezinean ibili da lehen minutuetan eta Eibarrek lehen abagunea izan du 15. minutuan; Ivan Alejok erdiratu eta Inuiren errematea Chichizolak desbideratu du, gola eragotzita. Ondoren, armaginek jarraitu dute baloiaren jabetzarekin, baina Las Palmasen lehen erasoaldian, Arbillak penaltia egin dio Hernan Toledori. Vierak 1-0ekoa sartu du penalti puntutik, 31. minutuan. Gol honen ostean ez da abagunerik egon eta desabantailarekin iritsi da atsedenaldira Eibar.

Bigarren zatiaren hasieran, bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea. Lehena Eibarrek izan du 63. minutuan, baina Charlesen burukada kanpora joan da. Ondoren, Sergi Enrichen errematea Chichizola atezainak gelditu du. Jose Luis Mendilibarrek Orellana zelairatu du neurketako 72. minutuan eta berdegunean minutu bakarra eraman duenean, partida berdindu du (1-1). Jose Angelek erdiraketa egin du hegaletik, Charlesek bigarren zutoinean baloia ukitu, eta Orellanak sare barrura bultzatu du. Golak indartu egin du Eibar eta berdinketa lortu eta lau minutu beranduago Enrichek 1-2koa sartu du; oraingoan ere Jose Angelek erdiraketa ona egin eta Enrichek gola sartu du, erremate bikaina eginda. Azken minutuetan, Las Palmas berdinketa bilatzen saiatu da, baina ez du abagune argirik sortu. Gainera, azken txanpan, epaileak ez du adierazi Inuiri egin dioten penalti argia. Hala ere, hiru puntuak eskuratu ditu Eibarrek.

Fitxa teknikoa:

1. UD Las Palmas: Chichizola; David Simón, Ximo Navarro, Bigas (Lemos, min. 29), Dani Castellano; Samper (Javi Castellano, min. 71), Peñalba; Hernan Toledo, Jonathan Viera, Momo (Tana, min. 67); eta Calleri.

2. SD Eibar: Dmitrovic; Capa (Ruben Peña, min. 60), Oliveira, Arbilla, Cote; Alejo (Orellana, min. 71), Dani Garcia, Joan Jordan, Inui; Sergi Enrich (Escalante, min. 80) eta Charles.

Golak: 1-0, min. 32: Jonathan Viera, penaltiz. 1-1, min. 73: Orellana. 1-2, min. 77: Sergi Enrich.

Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    20 16:30 - 19:00 PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena