Eibar
2-3
Erredakzioa
Talde armaginak 2-3 irabazi du Molinonen eta hiru puntu hauekin sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatu da, 26 punturekin.
Adrianek Sportingi penaltiz sartutako gola. Argazkia: EFE
Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Sportingen aurka (2-3) Molinonen eta Europako postuetara gerturatu da. Talde armagina LaLigako sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatu da, 26 punturekin.
Ero hasi da partida eta bigarren minutuan epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du. Adrianek ez du huts egin eta 0-1ekoa sartu du hamaika metroetatik. Partida zoro hasi da, eta Sportingek lehia berdintzea lortu du bederatzigarren minutuan Carmonaren golari esker (1-1). Asier Riesgo atezainak kale egin du baloia aldentzerakoan, Carmonari iritsi zaio, eta sare barrura bultzatu du. Banakoaren ostean, norgehiagokak bizi jarraitu du, eta Eibar nagusitzen hasi da joan-etorrikoan. Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak abagune onak izan ditu bigarren gola sartzeko, baina ez dira fin ibili Cuellarrek defendatutako ate aurrean. Adrianek, adibidez, zutoinera bidali du errematea 18. minutuan. Lau minutu beranduago, ordea, armaginek bigarren gola sartu dute. Pedro Leonek 1-2koa sartu du; Adrianen jaurtiketa Cuellarrek desbideratu eta Pedro Leonek aldaratzea sare barrura bidali du. Jarraian, 22. minutuan, hirugarren gola egin du Eibarrek. Lunak sartu du 1-3koa Amorebietaren eta Cuellarren artean egin duten hutsaz baliatuta. Ondoren, partidaren erritmoa moteldu egin da, eta Gipuzkoako taldea bi goleko abantailarekin iritsi da atsedenaldira. Lehen zatiko albiste txarra Asier Riesgo lesionatu egin dela izan da, eta Yoel zelairatu da bere ordez.
Bigarren zatia hasi bezain laster bi abagune argi izan ditu Eibarrek, baina Inuik ez du asmatu Cuellarren ate aurrean eta bigarren aukeran atepetik atera du baloia Sergio Alvarez Sportingeko defentsak. Neurketa kontrolpean izan du Eibarrek eta Sporting ezer gutxi egiten ibili da erasoan, baina 57. minutuan Nacho Casesek aldeak murriztu ditu (2-3) area kanpotik egindako jaurtiketa baten bitartez gola sartuta. Golak indarrak eman dizkio etxeko taldeari eta azken minutuetan sufritzea egokitu zaio. Dena den, Asturiaseko taldeak ez du abagune argirik izan berdinketa lortzeko eta garaipena Eibarrek eskuratu du.
Fitxa teknikoa:
2- Sporting: Cuellar, Douglas (Babin, m.55), Lillo, Amorebieta, Isma Lopez, Sergio Alvarez, Nacho Cases, Carmona, Moi Gomez (Afif, m.45), Carlos Castro (Ruben, m.65) eta Borja Viguera.
3.- Eibar: Riesgo (Yoel, m.24), Capa, Dos Santos, Lejeume, Luna, Escalante, Dani Garcia, Pedro Leon, Adrian (Fran Rico, m.64), Inui (Ruben Peña, m.73) eta Enrich.
Golak: 0-1, m.3: Adrian, penaltiz; 1-1, m.9: Carmona; 1-2, m.20: Pedro Leon; 1-3, m.22: Antonio Luna; 2-3, m.57: Lillo.
Epailea: Fernandez Borbalan.
balan.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa