Eibar
3-1 irabazi dio Getaferi
Erredakzioa
Talde armaginak 3-1 irabazi dio Getaferi eta BBVA Ligako sailkapeneko seigarren postuan kokatu da. Sergi Enrichek bi gol egin ditu, eta beste gola Saul Berjonek sartu du.
Sergi Enrichek bi gol sartu dizkio Getaferi Eibarren garaipenean (3-1). Argazkia: EFE
Eibarrek 3-1 irabazi dio Getaferi Ipuruan eta etxean lortzen duen bigarren garaipena jarraian eskuratu du. Talde armaginak 19 puntu ditu, eta BBVA Ligako sailkapeneko seigarren postuan irisi da Ligaren geldialdira, hau da, Europa Liga jokatzeko txartela ematen duen postuetan dago Mendilibarrek zuzentzen duen taldea.
Getafek hobeto ekin dio partidari eta lehen minutuetako abagune argienak talde bisitariak sortu ditu. Madrileko taldeak ez du asmatu Iruretak defendatutako ate aurrean eta 15. minutuan, Sergi Enrichek 1-0ekoa sartu du Eibarrentzat. Korner jaurtiketan, baloia bigarren zutoinera iritsi da, eta Enrichek sare barrura bidali du errematea.
Gola sartu ostean, Getafe berriro nagusi izan da, eta nagusitasun horren eraginez saria lortu du 21. minutuan, Victor Rodriguezek sartutako golarekin. Getafeko jokalariak jokaldi ona burutu eta banakoa (1-1) egin du.
Madrileko taldeak gola sartu ostean hasi da Eibar jokoan nagusi izaten. Mendilibarrek zuzentzen duen taldea abaguneak sortzen hasi da, eta 28. minutuan, Sergi Enrichek 2-1ekoa sartu du. Saul Berjonek jokaldi bikaina egin, pasea atzera eman eta bere taldekideak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean. Horrenbestez, gol bateko aldearekin iritsi da talde armagina atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran ere Getafe izan da nagusi eta berdinketa lortzeko abaguneak izan ditu. Sarabiak izan du gola sartzeko aukera, baina Xabi Iruretak gola eragotzi du. Partida irekia izan da bigarren zatian eta Eibarrek 60. minutuan antolatu duen kontraeraso baten eraginez, armaginek, aldeko penalti bat lortu dute. Epaileak, penaltia adierazteaz gain, area barruan falta egin duen Damian Suarezi txartel gorria atera dio, eta Getafe jokalari bat gutxiagorekin geratu da.
Saul Berjonek jaurti du penaltia, gola sartu eta partida erabakita utzi du. Hiru puntu hauekin, Eibar BBVA Ligako sailkapeneko seigarren postuan kokatu da, eta hurrengo jardunaldira arte dauden 15 egunak pozik eta lasai bizitzeko aukera izango du.
Fitxa teknikoa:
3 - SD Eibar: Xabi Iruretagoiena; Capa, Dos Santos (Lillo, 63. min), Pantic, David Junca; Keko Gontán, Escalante (Iñigo Barrenetxea, 87. min), Eddy Silvestre, Saul Berjon; Borja Baston eta Sergi Enrich (Arruabarrena, 80. min).
1 - Getafe CF: Guaita; Damian Suarez, Velazquez, Alexis, Roberto Lago; Juan Rodriguez, Lacen; Sarabia (Vergini, 62. min), Victor Rodriguez (Moi Gomez, 86. min), Lafita; eta Alvaro (Stefan Scepovic, 61. min).
Golak: 1-0. 15. min. Sergi Enrich; 1-1. 22. min Víctor; 2-1. 28. min. Sergi Enrich; 3-1. 60. min. Saul Berjon (penaltiz).
Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa