09:21

Athletic club

Erregina Kopa

Athleticek UD Tenerife kanporatu du, penaltietan, eta Erregina Kopako finalerdietan da

EITB MEDIA

Irene Oguizak sartu du, bederatzigarren jaurtiketan, gol erabakigarria. Partidan zehar, Athleticek eta UD Tenerifek bana egin dute, eta Elexpuruk sartu du gola, hamargarren minutuan. Adriana Nanclaresek neurketa bikaina burutu du, gako izan diren hainbat geldiketa eginez.

4:09
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athletic 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietarako sailkatu da, asteazkenean, Lezaman, UD Tenerife final laurdenetako kanporaketan penaltietan mendean hartuta. Ane Elexpuruk egin du Athleticek partidan zehar lortutako gola (1-1 amaitu da hori), eta Irene Oguizak gauzatu du talde zuri-gorriari sailkatzea eman dion penalti erabakigarria, bederatzigarren jaurtiketan. Adriana Nanclares atezainak, hainbat geldiketa bikain eginda, tartean hiru penalti barne, Athleticen garaipeneko protagonista nagusia izan da.

Kanporaketak interes eta emozio handia zituen; izan ere, irabazlearentzako saria ederra zen, finalerdietarako sailkatzea hain zuzen, eta, hori gutxi balitz bezala, Athletic eta UD Tenerife maila oso berdintsuan dabiltza F Ligan: bi taldeek 20na puntu dituzte, eta sailkapeneko erdian daude.

Giro bikaina izan da Lezaman, eta Athleticek denbora laburra behar izan du aurreneko kolpea emateko. Kanarietako taldeak aukera ona izan du, hirugarren minutuan, eta Nanclaresek erantzun ona eman du. David Aznarren taldea aurretik jarri da, hamargarren minutuan, Ane Elexpururen bidez; eskuin hegaleko atzelariak jokaldi ederra egin du, eskuinaldetik, bakarka gelditu da Aline Reisen aurrean, eta, baloia loratuta, 1-0ekoa sartu du.

UD Tenerife, baina, suspertu egin da, eta 22. minutuan berdindu du. Patri Gavirak  egin du banakoa, korner batean, buruz. Adriana Nanclaresek ezin izan du gol hori saihestu, baina, ia jarraian, Athleticeko atezainak geldiketa bikaina egin dio Jassina Blomi, azken horrek buruz errematatu eta gero.

Lehen zatiko azken tartean, Athleticek zelai erdia bereganatu du; Itxaso nabarmendu da lan horretan, sendo eta trebe. Zuri-gorriek aukerak izan dituzte bigarren gola sartzeko, baina ez dute asmatu. Azkonak eta Pinedok ez dute baloia sareetara bidaltzerik izan, eta, beste jokaldi batean, bisitarien jokalari batek barrura zihoan erremate bat urrundu behar izan du, Rais atezaina atetik kanpo zebilela. Nolanahi ere, aurreneko zatiko azken jokaldi arriskutsua Athleticen arean izan da; Nanclaresek, beste geldiketa ikusgarri bat eginez, kornerrera bidali du Itxasok nahi gabe bere aterantz egindako aldentzea.

Atsedenaldiaren ostean, Athletic jabetu da baloiaz; UD Tenerife ondo kokatuta zegoen, kontraerasoaren bila. Kanarietako taldeak, bere indar fisikoa baliatuz, presioa handitu du. Nanclaresek, 64. minutuan, geldiketa ezin hobea egin dio Gaviraren burukada bati, eta hurrengo jokaldian berriro ere aritu da oso ondo atezain zuri-gorria. Bisitariak arrisku handia sortu dute estrategia jokaldietan, kanporaketan zehar.

Kokoren indarra eta abiadura min egiten ari zitzaion Athletici; Aznarren jokalariak, dena den, ahalegindu egin dira 2-1ekoa luzapena iritsi aurretik sartzen. Ez da beste golik izan 90 minutuetan, eta kanporaketa luzapenean sartu da.

Jone Amezagak hurbil izan du 2-1ekoa,area ertzetik egindako ezkerkada batean, eta Babajidek ere sortu du arriskua, ezker hegaletik ondo sakonduz. Luzapena parekatuta joan da, nekea nabaria zen bi taldeen aldetik. Ematen zuen UD Tenerifek bazuela oraindik indar apur bat aldean, baina Athleticek ahalegin handia egin du, ondo eta ilusioz jokatuta, eta jokoa berdindu egin du.

Luzapeneko bigarren zatian, amaierarako hamar minutu gelditzen zirela, epaileak bigarren txartel horia atera dio Itxasori. Erdilariak, hala, berdegunea utzi behar izan du, norgehiagoka ederra jokatuta. Taldekideek, baina, lan bikaina egin dute, eta Athleticek berdinketari eutsi dio; are gehiago, azken minutuetan Athleticek estutu egin du, eta garaipena ez du urrun izan.

Zirrara izan da nagusi kanporaketa osoan, baina, egia esan, horrek gainezka egin du penalti jaurtiketetan. Athletic egoera oso korapilatsuan izan da, laugarren jaurtiketa eginda; orduan, UD Tenerife 3-2ari zen irabazten, baina Nanclaresek aurkariaren bosgarren jaurtiketa gelditu du, eta zuri-gorriek berdinketa erdietsi dute jarraian. Bederatzigarren penaltian, Adriana Nanclares, beste behin, ezin hobeto aritu da, eta Oguizari utzi dio aukera Athletic finalerdietan jartzeko; bizkaitarrak ez du huts egin, eta euskal taldea lau onenen artean da jada.

Fitxa tenikoa

1 (7) - Athletic: Nanclares; Elexpuru, Landaluze, Maddi, Nevado (Garazi Facila, 106. min); Itxaso, Ortega (Zugasti, 91. min), Zubieta (Oguiza, 106. min), Pinedo (Mariana, 91. min); Azkona (Bibi, 91. min) eta Nahikari (Amezaga, 79. min).

1 (6) - UD Tenerife: Aline Reis; Clau Blanco (Aleksandra, 100. min), Agus Barroso, Patri Gavira, Pisco; Natalia Ramos, Thais Ferreira; Koko Ange, Paola (Estella, 100. min), Blom (Monday, 85. min); eta Babajide.

Golak: 1-0, 10.min: Elexpuru. 1-1, 22.min: Patri Gavira.

Penalti jaurtiketak: Piscok, gola (0-1). Zugastik, Alinere geldiketa (0-1). Babajidek, Nanclaresen geldiketa (0-1). Marianak, gola (1-1). Natalia Ramosek, gola (1-2). Maddik, gola (2-2). Patri Gavirak, gola (2-3). Amezagak, zutoinera (2-3). Thaisek, Nanclaresen geldiketa (2-3). Elexpuruk, gola (3-3). Barrosok, gola (3-4). Garazik,gola (4-4). Mondayk, gola (4-5). Bibik, gola (5-5). Aleksandrak, gola (5-6). Landaluzek, gola (6-6). Estellak, Nanclaresen geldiketa (6-6) eta Oguizak, gola (7-6).

Epailea: Maria Planes Terol (Murtzia). Itxaso kanporatu du, bi txartel hori aterata (50. eta 110. min). Gainera, hauek zigortu ditu txartel horia ateraz: Zubieta (m.63), Natalia Ramos, Clau Blancoeta Patri Gavira.

Gertakizunak: Erregina Kopako final laurdenetako kanporaketa, Lezaman. 1.193 zale izan dira.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena