22:53

Athletic club

Denboraldiaurrea

Athleticek galdu egin du Celticen aurkako lagunartekoa (3-2)

EITB MEDIA

Bilbotarrak bi aldiz aurreratu dira markagailuan, Unai Gomezek eta Iker Muniainek egindako golei esker, baina eskoziarrek emaitza irauli dute bigarren zatian.

  • Oscar de Marcos,Celticen aurkako partidan

    Oscar de Marcos,Celticen aurkako partidan. Argazkia: Athletic Club.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek galdu egin du denboraldiaurrean jokatutako laugarren lagunartekoa. Bilbotarrek ezin izan dute Eskoziako Celtic taldea gainditu, eta 3 eta 2ko emaitzarekin eman dute amore. Ernesto Valverderen mutilek itxura ona eman dute lehen zatian, baina bigarrenean asko jaitsi dute errendimendua prestaketan aurreratuago zegoen aurkari baten aurka, eta etxekoek markagailua iraultzeko gai izan dira.

Zuri-gorriak aurretik jarri dira markagailuan, bigarren minutua bete orduko, Unai Gomezen golari esker. Bermeotarrak baloia lapurtu du bere taldearen presio onaren ondorioz, eta Siegrist gainditu du area kanpotik egindako jaurtiketa neurtu batekin (atezainaren ezker zutoinaren albo-albotik sartu da baloia).

Lehen zatiaren aurrerapena baino ez da izan. Izan ere, zuri-gorriak erabat nagusitu dira neurketaren tarte horretan. Celticek behin eta berriro galtzen du baloia bere ate inguruan, eta bilbotarrek aukera andana sortu dute Suitzako atezainaren aurrean. Alabaina, Iñaki Williamsi zorroztasuna falta izan zaio, Villalibrek Siegristekin egin du topo, eta Unai Gomezi eta Viviani desbideratuta atera zaizkie euren saiakerak.

Hala, apurka-apurka, Brendan Rogersen taldea suspertzen hasi da, eta berdinketaren gola erdietsi du 36. minutuan, nahiz eta ordura arte apenas izan duen aukerarik. Furihashi izan da golegilea, Unai Gomezen jaurtiketaren oso antzekoa eginez. Muniainek eta Gomezek berak baloi bat galdu dute, aurrelari japoniarrak aurrera jo, eta jaurti egin du.

Handik segundo gutxira, Muniainen erantzuna etorri da, egindako akatsarengatik amorratuta balego bezala, eta bere taldea aurretik jarri du berriro jokaldi eder batean.

Celticek goitik behera aldatu du taldea bigarren zatian (Athleticek bi aldaketa bakarrik egin ditu tarte horretan), eta agintzen hasi da neurketan. Unai Simonek gelditu handia egin behar izan du Abadaren jaurtiketa pozoitsua aldaratzeko. Bernardei ere saiatu da, eta bere bigarren aukeran asmatu du, O'Rileyrekin zuri-gorrien arean hormarena egin eta gero.

Celticek bere nagusitasunarekin jarraitu du, eta Turnbullek buelta eman dio partidari area barrutik egindako jaurtiketa batekin.

Laugarren gola sartzeko aukera ere izan du Eskoziako taldeak, baina errematea gora joan zaio Yangi penalti puntutik, ezkerretik erdiraketa bikaina jaso ondoren.

Fitxa teknikoa:

3 - Celtic CF Glasgow: Siegrist; Tomoki Iwata, Carter-Vickers, Nawrocki, Taylor; McGregor, Hyeokkyu Kwon, Reo Hatate; Forrest, Daizen Maeda eta Kyogo Furuhashi. Atsedenaldiaren ostean, hauek atera dira: Bain; Ralston, Starfate, Scales, Bernabéi, O'Riley, Holm, Turnbull, Forrest (Abada, 50. min), Yang eta Oh.

2 - Athletic Club: Unai Simón; De Marcos (Rincón, 70. min), Vivian (Egiluz, 79. min), Paredes (Nolaskoain, 64. min), Lekue (Imanol, 79. min); Galarreta (Guruzeta, 79. min), Vesga (Herrera, 64. min); Iñaki Williams (Martón, 79. min), Unai Gómez (Prados, 46. min), Muniain (Adu Ares, 79. min); eta Villalibre (Raúl García, 46. min).

Golak: 0-1, 2. min: Unai Gómez. 1-1, 36. min: Kyogo Furuhashi. 1-2, 37. min: Muniain. 2-2, 66. min: Alexandro Bernabéi. 3-2, 69. min: David Turnbull.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena