Athletic club
Son Moixen
Agentziak | Erredakzioa
Iñaki Williamsek egin du zuri-gorrien gol bakarra, Mallorca garaipena eta Lehen Mailan jarraitzea ospatzeko prest zegoenean.
Ander Herrera, Mallorca - Athletic partidan. Argazkia: Efe.
Athleticek puntu bat atera du Mallorcatik, azken minutuan Iñaki Williamsek sartutako penaltiari esker (1-1), Son Moixen Mallorcaren aurka jokatutako LaLiga Santanderreko 32. jardunaldiko partidan.
Mallorca - Athletic partidaren laburpena
Lehen zatian, bi taldeek ez dute arrisku handirik hartu, eta, ondorioz, oso gol aukera gutxi izan dira. Argiena etxeko taldeak izan du, Mallorcak, Martin Valjient eslovakiarrak egindako erremate batean, baina baloia ez da azkenean zuri-gorrien atean sartu.
Baloiaren jabetza Valverderen taldeak izan du, baina Rajkovicen ingurura gutxi hurbildu dira, Mallorcak defentsan egindako lan onari esker.
Lehen zatian, epaileak lau txartel hori atera ditu: Mallorcako Raillo, Muriqi eta Maffeori, eta Athleticeko Yuriri.
Gauzak goitik behera aldatu dira bigarren zatian. Bilbotarrak ondo artu dira lehen minutuetan, baina Javier Aguirreren jokalariek partidaren kontrola hartu dute, joko bizia eta azkarra eginez. Ondorioz, aurretik jarri dira markagailuan Kang-In Leek 57. minutuan egindako golari esker.
Mallorcak emaitzari eusteko jokatu du, garaipenak datorren urtean Lehen Mailan jarraitzea ziurtatzen ziolako. Athletic, berriz, aurrera egiten saiatu da, azken minutuetan bereziki, baina ideia argirik gabe. Partida aldatu duen jokaldia 94. minutuan gertatu da. Ruiz de Galarretak baloia area barruan eskuarekin ukitu duela adierazi du epaileak, eta zigorra Iñaki Williamsek gauzatu du, eta 1-1ekoa jarri du markagailuan.
Azkenean, beraz, puntuak banatu dituzte Mallorcak eta Athleticek. Bizkaitarrek Betisek duen seigarren postura hurbiltzeko helburuari eusten diote.
Fitxa teknikoa:
1-Mallorca: Rajkovic; Maffeo, Valjent, Raillo (Hadzikadunic, 66. min), Copete, Jaume Costa; Morlanes (Baba, 72. min), Ruiz de Galarreta, Kang In Lee (Antonio Sánchez, 85. min), Ndiaye (73. min), Muriqi (Kadewere, 85. min).
1-Athletic Club: Aguirrezabala; Paredes, Vivian, Yeray (De Marcos, 65. min) Yuri; Ander Herrera (Zarraga, 65. min), Vesga (Adu Ares, 75. min); Iñaki Williams, Raul Garcia, Berenguer (Dani García, 75. min), Guruzeta (Nico Williams, 46. min).
Golak: 1-0 (57. min), Kang In Lee. 1-1 (96. min), Iñaki Williams, penaltiz.
Epailea: Jorge Figueroa Vazquez (Andaluziako batzordekoa). Txartel gorria atera dio zuzenean Raillori (96. min) Williamsen golaren ostean eserlekutik protesta egiteagatik. Aurreko jokaldi batean, txartel horia atera dio Raillo berari (15. min), eta Muriqi (min. 17), Maffeo (29. min), Ruiz de Galarreta (94. min) Mallorcako jokalariei ere atera die. Athleticeko Yuri (40. min) eta Nico Williams (63. min) jokalariei ere atera die txartel horia.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa