Athletic club
Txopok, 80 urte
EITB MEDIA
Atezain mitikoak 80 urte bete ditu asteazkenean, eta Athleticek eta Bilboko Udalak, sorpresa berezi gisa, eskultura izango duela adierazi diote. 2023a amaitu aurretik kokatuko dute.
Artxiboko irudian, Jose Angel iribar, San Mamesen. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Jose Angel Iribar Athleticeko atezain mitikoak eskultura izango du Bilbon, San Mames futbol zelaiaren ondoan, 2023a amaitu aurretik, asteazkenean Athleticek eta Bilboko Udalak jakitera eman dutenez. Hain zuzen ere, Iribarrek 80 urte bete ditu martxoaren 1ean, eta opari berezi gisa eman nahi izan diote eskulturaren gaineko berria Jon Uriarte Athleticeko presidenteak eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, gutun baten bidez.
614 partida jokatuta, Iribarrek beste inork baino partida gehiago jokatu ditu Athleticekin. Bilboko Udalak eta Athleticek esan diotenez, "historia egin zenuen berdegunean, gure kolore zuri-gorriak defendatuz, baina, zure partida eta geldiketa guztien gainetik, hori dena nola lortu zenuen gogoratzen dugu".
"Erreferentea zara gure klubarentzat, gure hiriarentzat, munduarentzat eta, nola ez, gure herri osoarentzat. Urte hauetan guztietan zehar, egunero egin duzu lan gure sustraiak bizirik mantentzeko, eta oraindik ere horretan ari zara. Gure kulturak, gure ohiturek, gure euskarak… asko zor dizute. Eskerrik asko".
"Orain, Angel, beste sorpresa baten berri emateko idazten dizugu. Denboran iraungo duen opari bat prestatzen ari gara zuretzat, zure ereduak gugan irauten duen bezala. Udala eta kluba elkartu ginenean, argi izan genuen ezin zitekeela zuretzat opari hoberik egon bazkideek, munduko athleticzaleek, jarraitzaileek eta maite zaituen herriak elkarrekin egindakoa baino", azaldu diote gutunean.
Hori dela eta, Athleticek eta Udalak Iribarren presentziarekin jantziko dute Bilbo: "2023. urtea amaitu aurretik, lehen aipatutako maitasun horrek eskultura itxura hartuko du San Mamesen ondoan; izan ere, Iribar bezalakorik ez dago munduan", dio idatziak.
Bestalde, Iribarren 80. urtebetetzearekin lotuta ere, Athleticek, "epaileen eta LaLigaren onespenarekin", lehen bi mailetako talde guztiei proposatu die "euren atezainek, asteburu honetan, beltzez jokatzea"; izan ere, kolore hori erabiltzen zuen Iribarrek atepean, jokalari profesional zela. Realak bat egingo du ekimenarekin. "Atsegin handiz egingo dugu, gure futboleko mito bat omentzeko", adierazi du klub txuri-urdinak.
¿ Zorionak, Jose Ángel!
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedad) March 1, 2023
¿ Será un placer sumarnos a la iniciativa para homenajear a una leyenda de nuestro fútbol.#WeareReal | #AurreraReala | #Iribar80 https://t.co/vcjifnknpp pic.twitter.com/ABUH0ZBP9o
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa