22:54

Athletic club

23. jardunaldia

Athleticek garaipen samurra erdietsi du Cadizen aurka (0-4)

A. A. | EITB MEDIA

Zuri-gorriak andaluziarrak baino askoz gehiago izan dira, eta 4. minuturako aurretik jarri dira. Berenguer (2), Unai Lopez (1) eta Williams (1) izan dira partidako golegileak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Etxetik kanpo lau hilabete baino gehiago irabazi gabe zeramatzan Athleticek Cadizen egungo krisia larriagotu du, Andaluziako taldea 0-4 jipoituta, Ramon de Carranza futbol-zelaian. Zuri-gorriek lehen ordu erdi aparta jokatu dute, eta tarte horretan erabakita utzi dute Ligako 23. jardunaldia itxi duen partida.

Marcelino Garcia Toralen taldeak hiru puntu garrantzitsu batu ditu, bai jaitsierako postuak atzean uzteko, bai Vila-realen seigarren postutik gehiegi ez aldentzeko. Bilbotarrek zortzi puntura dute Unai Emeryren taldea, eta hurrengo jardunaldian nor baino nor gehiago izango dira San Mamesen.

Horrez gain, bilbotarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu dute bisitari gisa, irailaren amaieran Ipuruan gailendu zirenetik irabazi ezinda ibili baitira etxetik kanpo .

Alvaro Cerveraren taldearen egoera okerragoa da, lau neurketa galdu baititu jarraian, denboraldiko irudi txarrenetakoa emanda. Hartara, jokoan izan dituen azken hamabost puntuetatik bakarra bereganatu du, eta gero eta gertuago ikusten ditu beheko postuak.

Bilboko taldeak ez ditu nabaritu ostegunean Levanteren aurka jokatutako lehiarekin alderatuta egindako sei aldaketak, eta uste zitekeena baino askoz errazago atera du aurrera Ramon de Carranzara egindako bisita. Izan ere, Athletic oso indartsu zelairatu da, eta laugarren minuturako 0-1ekoa jarri du markagailuan Alex Berenguerrek.

Golak ez du Cadiz esnatu, eta aurkariaren menpe jarraitu du. Unai Lopezek (Marcelinok hasierako hamaikakoan plazaratu dituen aurpegi berrietako bat) 0-2koa sartu du lehen ordu laurdena bete denean, falta jaurtiketa bikain batekin. Gerora, 30. minutuan, Berenguerrek gaueko bere bigarrena erdietsi du, partida ia erabakita uzteko, ordubete falta zen arren.

Cerverak lau aldaketa egin ditu atsedenaldiaren ostean, bere jokalarien erreakzioa eragin nahian, baina Iñaki Williamsen kontraeraso batek ezerezean utzi du etxekoen pizkunde txikia. Unai Simonek ez du ia lanik izan, Ivan Alejoren aukera batean izan ezik.

Horrenbestez, Athleticek hutsean utzi du bere atea Marcelino zuri-gorrien entrenatzailea denetik lehen aldiz.

Fitxa teknikoa:

0 - Cadiz: Ledesma; Iza Carcelén (Martín, 85. min), Cala, Alcalá, Espino; Fali, Garrido, Perea (Jairo, 46. min), Salvi (Alejo, 46. min); Lozano (Sobrino, 46. min) eta Negredo (Saponjic, 46. min).

4 - Athletic: Simón; Capa (Lekue, 78. min), Nuñez, Yeray, Yuri; Vesga, Unai López (Vencedor, 75. min), Berenguer (Ibai, 78. min), Muniain; Raúl García (Morcillo, 65. min) eta Williams (Villalibre, 65. min).

Golak: 0-1, 4. min: Berenguer. 0-2, 14. min: Unai López. 0-3, 28. min: Berenguer. 0-4, 51. min: Williams.

Epailea: Hernández Hernández. Txartel horiak: Cala, Saponjic eta Fali (Cadiz); Nuñez eta Vesga (Athletic).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    25 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Urreisti-Gorka vs Laduche-Manci

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena