20:51

Athletic club

33. JARDUNALDIA

Athleticek irabazi egin du Valentzian, eta bete-betean sartu da Europako lehian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Raul Garciaren bi golek garaipena eman diote talde zuri-gorriari, eta zazpigarren postuan kokatu dira behin-behinean.

  • Athleticeko jokalariak Raul Garciaren lehen gola ospatzen.

    Athleticeko jokalariak Raul Garciaren lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Raul Garciaren bi golek garaipen argia eman diote Athletici Mestallan, Valentzia ahul baten aurka (0-2). Etxekoek, nahiz eta entrenatzailea aldatu eta Salvador Gonzalez 'Voro' aulkira iritsi, joko eta emaitza krisia gainditu gabe jarraitu dute, eta ezinean aritu dira partida hasieratik bukaerara arte.

Egia da Raul Garciaren bi golak etxeko jokalarien akats handien ostean iritsi direla, baina Valentziari ezinezkoa izan zaio partidan sartu ahal izatea zuri-gorriek egindako jokoaren aurrean

Emaitza horrekin, Athleticek gainditu egin du talde zuria sailkapenean. Horrez gain, talde bien arteko golen kopurua zuri-gorrien alde geratu da, valentziarrek 0-1 irabazi baitzuten San Mamesen.

Hala eta guztiz ere, Valentzia indartsu zelairatu da, eta lehen hamar minutuetan pare bat gol aukera sortu ditu, baina Kondogbiak 13. minutuan egindako akats batek kontraerasoa antolatzeko aukera eman die bilbotarrei. Muniainek eta Williamsek zuzen bideratu dute jokaldia, eta hortik etorri da Raul Graciaren 0-1ekoa.

Golak Valentzia geldotu du, eta, aldiz, bizitasun handia aitortu dio Gaizka Garitanoren taldeari. Ondorioz, hurbilketa arriskutsuak izan dituzte Cillessenen atearen inguruan, eta gertu izan dute markagailua areagotzeko aukera.

Dena dela, parekotasun handiagoarekin iritsi dira atsedenaldira, baina etxeko taldeak emaitza orekatzeko abagunerik izan gabe.

Bigarren zatia hasi eta berehala, valentziarrek beste akats bat egin dute, Jaume Costak egin ere. Baloia Raul Garciari heldu zaio, eta hark area kanpotik ezkerrarekin egindako jaurtiketa ikusgarriak 0-2koa ezarri du, etxekoen itxaropenak guztiz zapuztuz.

Ondoren, lehen zatiko egoera bera errepikatu da: Athleticek berriro hartu du partidaren agintea, eta Cillessenen eremuetatik gertu jokatu du. Kontrako arean, berriz, Simon lasai antzera ibili da, ia ez baitu esku hartu beharrik izan. Gainera, Valentziak arriskuzko ekintzaren bat sortu duen aldi bakanetan, haren aurrelariak ezin asmaturik ibili dira, eta behin eta berriro jokoz kanpo adierazi diete.

Horrela, norgehiagokaren amaiera ailegatu da. Beraz, zuri-gorriek Europarako sailkapena lortzeko bidean berebiziko garrantzia duten hiru puntu bereganatu dituzte aurkari zuzen baten etxean.

Fitxa teknikoa:

0 - Valentzia: Cillessen, Florenzi (Wass, 84. min), Diakhaby, Gabriel Paulista, Jaume Costa, Ferran Torres (Cheryshev, 62. min), Parejo (Manu Vallejo, 84. min), Kondogbia, Guedes (Carlos Soler, 62. min), Maxi Gómez (Gameiro, 74. min) eta Rodrigo.

2 - Athletic Club: Simón, Capa, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri, Dani García, Unai López (Vesga, 65. min), Muniain (De Marcos, 82. min), Córdoba (Balenziaga, 89. min), Raúl García (Sancet, 82. min) eta Williams (Villalibre, 65. min).

Golak: 0-1, 13. min: Raúl García. 0-2: 47. min: Raúl García.

Epailea: Estrada Fernández. Txartel horiak: Diakhaby (Valentzia).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena