22:16

Athletic club

11. JARDUNALDIA

Muniainen golek Athleticen garaipena bideratu dute (3-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriak bi gol sartu ditu lehen zatian, eta Victor Gomez defentsak bigarrenean bere atean sartu duen gola behartu du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 3-0 irabazi dio Espanyoli LaLigako hamaikagarren jardunaldian. Etxekoen hiru goletako bi Iker Muniainek sartu ditu lehen zatian; hirugarrena, berriz, Victor Gomez atzelari bisitariak bere atean sartu du, bigarrenean.

Erasoko erdilari nafarrak ordu laurden behar izan du zuri-gorrien bolada txarra atzean utzi (bost partida zeraman garaipenik gabe) eta Kataluniako taldearen aurkako lehia samurtzeko.

Han zuzen ere, Muniainek neurketako 4. minutuan jarri du aurretik Bilboko taldea, area barruan solte harrapatu duen baloi bat Diego Lopezen atean sartzeko.

Bigarrena 13 minutu geroago iritsi da. Athleticek korner bat atera du, eta bisitarien defentsak buruz egindako urruntzea area kanpoan zain zegoen iruindarrari iritsi zaio. Honek bularrarekin kontrolatu, eta gol ikusgarria egin du, boleaz.

Horrenbestez, Gaizka Garitanok norgehiagokari ekiteko plazaratu duen planteamendu berriak saria izan duela esan daiteke. Izan ere, azken neurketetan Athleticek erasoan egindako lan eskasa hobetze aldera, zenbait jokalari lekuz aldatu ditu: hala, Muniain Unai Lopezen aldamenean jarri du, Iñaki Williams eskuin hegalera bidali du eta Raul Garcia aurrelari gisa aritu da.

Dena dela, zuri-gorriek bi goleko errenta lortutakoan, Espanyolen txanda heldu da, eta bi aukera garbi izan ditu geldikako jokaldietan. Lehendabizikoan, Bernardok gola egin du buruz, baina epaileak baliogabetu egin du, zalantzazko jokoz kanpo bat adierazita. Bigarrenean, berriz, Unai Simon atezainak 2-1ekoa saihestu du, David Lopezen burukada bikaina desbideratuta.

Bi aukera garbi horien ostean, talde zuri-urdina bigarren zatian ere saiatu da aldea murrizten, baina kemen handirik gabe. Aitzitik, etxekoen hirugarrena iritsi da, 79. minutuan. Muniainen jaurtiketa Victor Gomezek desbideratu du, baina bere ate barrura sartu da.

Ondoren, 83. minutuan, Wu Leik Espanyolen bigarren zatiko abagunerik onena izan du, baina Unai Simon ondo aritu da berriro.

Fitxa teknikoa:

3- Athletic: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Williams (Larrazabal, 70. min), Unai Lopez (San Jose, 59. min), Muniain (Aduriz, 85. min), Cordoba eta Raul Garcia.

0- Espanyol: Diego Lopez; Victor Gomez, Naldo, Bernardo, David Lopez, Didac Vila, Víctor Sanchez, Marc Roca (Granero, 63. min), Darder, Campuzano (Wu Lei, 70. min) eta Vargas (Ferreyra, 61. min).

Golak: 1-0, 4. min: Muniain. 2-0, 14. min: Muniain. 3-0, 79. min: Victor Gomez.

Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horiak: Bernardo (Espanyol).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    24 16:10 - 16:50 PILOTA | Lau t'erdiko finalaren atariko saioa
    24 17:00 - 20:00 PILOTA | Lau t'erdiko finala: Laso vs Etxeberria
    25 23:30 - 00:30 AREA TXIKIA | Athletic Club vs Reala partidako laburpena

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena