Athletic club
2-0
Erredakzioa
Porrota jaso du (2-0) talde bizkaitarrak Wanda Metropolitano zelaian, eta bost partida jarraian daramatza garaipena lortu gabe.
Albisteak (3)
Athleticek galdu egin du Atletico Madrilen aurka (2-0) eta bost partida jarraian daramatza garaipena lortu gabe. Bolada txarrean jarraitzen du Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak, joko-maila eskasa eta gol falta itzela azaltzen duelarik. Ligako sailkapenean 13 punturekin da Bilboko taldea.
Erasokor ekin dio neurketari Athleticek, eta bigarren minutuan gertu izan du gola, baina Oblak atezainak erantzun bikaina eman dio Iñigo Martinezen erremateari eta gola eragotzi du. Ondoren, Atletico Madril hasi da nagusitzen, abagune argirik sortu gabe. Jokaldi askotan, jokalari zuri-gorriak nahasi egin dira atzetik baloia ateratzerakoan, baita urruntzerako garaian ere. Neurketako 22. minutuan, Williams ate aurrean errematea egiteko prest zegoen, baina Hermosok aurrea hartu dio, eta baloia desbideratzea lortu du. Talde koltxoneroak ez du ia abagunerik sortu lehen zatian. Hala ere, 28. minutuan, Correa area barruan sartu da, Athleticeko jokalariek ez dute baloia aldendu, argentinarrak borrokan jarraitu du, baloia Sauli iritsi zaio, eta honek 1-0ekoa sartu du.
Gola hartu ostean, Athleticek erasora jo du. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak abaguneak izan ditu norgehiagoka berdintzeko, baina Athleticek gol gabezia larria du, eta igarri egin da. Partidako 32. minutuan, Oblak atezainak gola eragotzi du, Raul Garciaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Zortzi minutu beranduago, Raul Garciaren errematea kanpora joan da Trippierren saihetsean jo ostean.
Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Atletico Madril. Talde koltxoneroak ez ditu abagune argi ugari sortu, baina Athletic kaskar ibili da. Talde bizkaitarrean ohikoa denez, gol bat jasotzen dutenean jokalariek besoak jaisten dituzte, eta hala izan da neurketa honetan ere. Moratak eman du lehen abisua, kanpora joan den erremate batekin, eta Athleticek aukera ezin hobea izan du 63. minutuan, baina Muniainek txilenaz egin duen errematea oso gutxigatik kanpora joan da. Athleticek arazo larria du golarekin, eta hurrengo jokaldian, Moratak 2-0koa sartu du Correaren pasea sare barrura bultzatuta.
Atletico Madrilen bigarren golak erabakita utzi du neurketa. Azken txanpan, Atletico Madril nagusi izan da abagunerik sortu gabe, eta erreakzionatu beharra izan duen Athletic ez da gai izan aurkaria estutzeko. Ondorioz, hiru puntuak erdietsi ditu Atletico Madrilek.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Felipe, Hermoso, Lodi; Koke, Thomas, Saul, Lemar (Vitolo, 76. min); Correa (Herrera, 66. min) eta Morata (Diego Costa, 66. min).
0 - Athletic Club: Unai Simon; Capa (De Marcos, 79. min), Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Muniain, Dani Garcia, Unai Lopez, Córdoba (Ibai, 56. min); Raul Garcia eta Williams (Aduriz, 66. min).
Golak: 1-0, 27. min: Saul. 2-0, 65. min: Morata.
Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie Saul (42. min) Atletico Madrileko jokalariari, baita Raul Garcia (71. min) eta Unai Simon (83. min) Atleticeko futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa