Athletic club
Ofiziala
Erredakzioa
Jokalari bilbotarrak Athleticen lehen taldean jokatuko du datorren denboralditik aurrera. Bi urte gehiagorako kontratua du talde zuri-gorriarekin.
Gaizka Larrazabal, Bilbao Athleticekin jokatutako partida baten. Argazkia: @AthleticClub
Gaizka Larrazabal Athleticen lehen taldeko jokalaria izango da datorren denboralditik aurrera. Beste bi urterako kontratua du klub zuri-gorriarekin. Denboraldi honetan, oraingoz, Bilbao Athleticekin, 31 partida jokatu ditu, eta 9 gol sartu ditu.
Larrazabalek, gazte mailako Danok Bat taldean jokatu ostean, Bigarren B Mailako Zamudion jokatu zuen. Txorierriko taldea mailaz jaitsi zen arren, Lezamako ateak zabaldu zitzaizkion talde zuri-gorriaren bigarren taldean jokatzeko. Orduan, Bilbao Athletic Gaizka Garitanok zuzentzen zuen, eta, orain bere aginduetara izango du lehen taldean.
Gaizka Larrazabal, Aitor Larrazabal Athleticeko jokalari historikoaren semea da, Athleticekin partida gehien jokatu dituen zortzigarren futbolariaren semea. Bitxikeria bada ere, ez dira egon lehen taldeko elastikoa jantzi duen aita-semeen adibide asko. Azkenak, atezainak izan ziren: Carmelo eta Andoni Cedrun. Aurretik, Luis Uriberena, lehen hiru Liga irabazi zituen Athleticeko jokalaria; eta Ignacio Uribe, 50. hamarkadako Hamaika Baserritarren jokalari mitikoa.
Ohikoagoa izan da Athleticen zenbait anai edota beste ahaidetasun-maila batzuetako jokalariek bat egitea. Azken boladan, Roberto Bertolen biloba zen Mikel Kortinak jokatu zuen. Osaba-iloben kasuak ere badaude, esate baterako Ripodaseak eta Tikorenak edo Ander eta Gaizka Garitanorenak, baita lehengusuenak ere, Adrien Goñi eta Iker Muniain kasu.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa