22:02

Athletic club

34. JARDUNALDIA

Athleticek irabazi egin dio Leganesi eta zazpigarren postua sendotu du (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek hiru puntuak lortu dituzte En-Nesyri marokoarrak bere atean buruz sartu duen golari esker.

  • En-Nesyri eta Mikel San Jose baloi baten borrokan

    En-Nesyri marokoarrak bere atean sartu du partidako gol bakarra. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek hiru puntuak bereganatu ditu Leganesen kontra, Butarque futbol-zelai zailean jokatutako partidan (0-1). Zuri-gorriek datorren denboraldian Europan aritzeko xedea hurbilago daukate orain, En-Nesyri aurrelari marokoarrak bere atean sartutako golari esker, baina baita Garitanok neurketa honetarako bereziki prestatu duen defentsa-sistemari esker ere.

Izan ere, Derioko entrenatzaileak, bere taldearen ezaugarrien zein Leganesek etxean azaldu ohi duen sendotasunaren jakitun (partida bakarra galdu du talde madrildarrak bertan jokatu dituen azken 14 neurketetan) Pellegrinok erabili ohi duen sistema bera plazaratu du, hau da, hiru erdiko atzelari (Iñigo Martinez, Nuñez eta Yeray) eta bi hegaleko luze (Leku eskuinean eta Berchiche ezkerrean) erabili ditu.

Lehenengo zatian, antzeko baloi-jabetza izan dute talde biek eta ez da egon bata bestearen gainetik nabarmen nagusitu denik. Bi taldeek baliabide bera erabili dute aurkariari min egiteko: joko zuzena.

Aitzitik, geldikako jokaldi batean iritsi da lehen zatiko eta neurketako gol bakarra izan dena. Atsedenaldia heltzear zegoela (42. minutuan), Lekuek korner bat atera du zuri-gorrien alde, eta, En-Nesyri buruz baloia aldentzen saiatu den arren, bere ahaleginak kontrako emaitza izan du, bete-betean asmatu baitu Cuellar bere atezainari gola sartzeko.

Bigarren zatian, Leganesekoek goiko-jokoa bilatu dute, baina hegaletatik jarritako erdiraketek ez dute errematatzaile eraginkorrik aurkitu. Athleticen aldetik, aldiz, Iñaki Williamsek bigarrena lortzeko abagune garbia izan du kontraeraso batean, baina aurrelariaren saiakerak Cuellarren gorputzaren aurka jo du.

Finean, zuri-gorriek berebiziko garrantzia izan dezaketen hiru puntu eskuratu dituzte partida gogaikarri batean. Une honetan, zazpigarren tokian daude kokatuta 49 punturekin, eta Alaves 3 puntura daukate. Hain zuzen ere, talde gasteiztarra izango da datorren larunbatean (13:00) San Mames bisitatuko duen hurrengo aurkaria.

Fitxa teknikoa:

0 - Leganes: Cuellar, Juanfran, Tarin (El Zhar 76. min), Omeruo, Siovas (Bustinza 45. min), Kravets (Braithwaite 67. min), Ruben Perez, Gumbau, Eraso, Carrillo eta En-Nesyri.

1 - Athletic: Herrerin, Lekue, Yeray (Balenziaga 78. min), Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, San Jose, Mikel Rico, Williams (De Marcos, 86. min), Cordoba eta Aduriz (Kodro 79. min).

Gola: 0-1, 42. min. En-Nesyri, bere atean.

Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Tarin (Leganes); Cordoba eta De Marcos (Athletic).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena