21:48

Athletic club

30. JARDUNALDIA

Athleticek bolada onean jarraitzen du luzapenean penaltiz egindako golari esker (3-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek izugarri sufritu dute, lehen zatian 2-0 irabazten jarri diren arren.

  • Athleticeko okalariak lehen gola ospatzen.

    Athleticeko okalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iker Muniainek 93. minutuan penaltiz sartutako gola dela medio Athleticek Levante garaitu du asteazken honetan San Mamesen (3-2).

Zuri-gorrien lehen gola partidaren bosgarren minutua bete orduko heldu da. Yurik ezker hegaletik barneraldia egin du, eta area barruan sartu denean indartsu jaurti du erdiratu behar zela zirudienean, eta, hartara, Aitor Fernandez ezustean harrapatu du.

Levantek jarraian erantzun nahi izan du, bilbotarren atera arriskua eraman duten zenbait jaurtiketaren bitartez. Bi Rochinak egin ditu eta beste bat Jasonek. Azken horren aurrean, Herrerinek lanak izan ditu baloia kornerrera aldentzeko.

Dena den, zuri-gorrien presioa itogarria zen une horretan aurkariarentzat, eta Gaizka Garitanorenek baloi anitz berreskuratu dituzte bata bestearen atzetik. Halako batean, De Marcosek oso gertu izan du 2 eta 0ekoa, baina area barruan jaso duen baloia kontrolatzen saiatu da errematatu beharrean, eta abagunea bertan behera geratu da, Guardiakoaren kontrol-ahalegina txarra izan baita.

Hala ere, lehen zatiko 27. minutuan etorri da etxekoen bigarren gola. Cordobak arrasean jarri dio baloia Williamsi area barruan, eta aurrelariaren ahalegina Aitor Fernandezen eta Coke defentsaren artean urruntzen saiatu badira ere, azken uneko errebote baten poderioz Lezamatik ateratako atezainak bere atean sartu du baloia.

Gerora, lehen zatia amaitzear zela, epaileak balio gabe utzi du Cokek buruz lortutako gola, jauzian Herrerini enbarazu egin diola iritzi baitio.

Bigarren zatia

Athleticek bere estreinako gola lehen zatiko bosgarren minutuan erdietsi badu, gauza bera egin du Levantek bigarren zatian. Munuera Montero epaileak Beñatek Rogerri egindako penaltia adierazi du, eta Roger bera arduratu da zigorra sareratzeaz.

Ondoren, bilbotarrek markagailuan aldea zabaltzeko aukerak izan dituzte. Batetik, bigarren zatian zelairatu den Munianek zutoinera bota du Williamsek emandako pasea; bestetik, De Marcos boleaz saiatu da gola egiten, baina Levanteren atezainak gelditu ona egin dio

Aitzitik, Paco Lopezen taldea izan da markagailua parekatzea lortu duena; izan ere, arauzko denbora betetzear zegoela, Cabacok sareetara bidali du korner batean jotako burukada.

Alabaina, norgehiagoka zoratuta zegoen ordurako, eta, bi minutu geroago, Munuera Monterok beste penalti bat adierazi du. Oraingo horretan, bizkaitarren aldekoa izan da, Mosesek Munianekin izan duen jokaldia falta zela erabaki baitu. Munianek berak bota du penaltia, eta garaipenaren gola ekarri dio bere taldeari

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic: Herrerin, Capa (Ibai, 72. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, De Marcos, Beñat (Iturraspe, 79. min), San Jose, Cordoba, Raul Garcia (Muniain, 57. min) eta Williams.

2 - Levante: Aitor Fernández, Ruben Vezo (Moses, 80. min), Erick Cabaco, Postigo, Coke (Luna, 65. min), Jason, Rochina (Mayoral, 69. min), Rober Pier, Morales, Campaña eta Roger.

Golak: 1-0, 5. min: Yuri Berchiche. 2-0, 27. min. Aitor Fernandez, bere atean. 2-1, 50. min: Roger, penaltiz. 2-2, 89. min: Cabaco. 3-2, 93. min: Muniain, penaltiz.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel gorria atera dio Cabacori (96. min). Txartel horiak: Raul Garcia, Yuri eta Muniain (Athletic); Morales, Vezo, Postigo, Roger eta Cabaco (Levante).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    20 16:30 - 19:00 PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena