Athletic club
2-0
Erredakzioa
Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak 2-0eko emaitzarekin irabazi du partida. Williams eta Kodro izan dira golegileak.
Athleticeko jokalariak, Williamsek Atleticori sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek garaipena lortu du Atletico Madrilen aurka (2-0) San Mamesen, igande honetan. Bizkaiko taldeak 37 puntu ditu orain, eta Europarako txartela ematen duten postuen lehian sartu da bete-betean.
Erasokor ekin dio neurketari Athleticek, nahiz eta kosta egin zaion abaguneak izatea. Atletico Madril sendo egon da defentsako lanean hasierako minutuetan, baina erasoan ez du ezer egin. Lehen zati guztian, talde koltxoneroak ez du gol-aukera bakarra sortu. Ibaik izan du neurketako lehen abagunea laugarren minutuan, baina jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zaio. Hogei minutu beranduago etorri da talde bizkaitarraren bigarren gol-aukera, Nuñezek Oblaken eskuetara bota duen erremate baten bitartez. Athleticek lehen zatian izan duen azken aukera 35. minutuan iritsi da, baina Ibaik boleaz egin duen jaurtiketa Oblak atezainak desbideratu du, gelditu on bat eginda.
Bigarren zatia hasi bezain laster, abagunea izan du Atletico Madrilek. Dani Garciak, ordea, ondo moztu du Diego Costak Moratari eman nahi izan dion pasea. Talde bakoitzak penalti bana eskatu du, baina epaileak ez du bietako bat ere adierazi, ezta VARak ere.
Athletici atzerago defendatzea egokitu zaio bigarren zatian, baina ez du gehiegi sufritu. Gainera, Atleticoren lehen abaguneari erantzun dio, Muniainek buruz egin duen errematearekin, baina Oblak atezainak harrapatu du baloia. Ondoren, Gaizka Garitanok Muniain kendu eta Iñigo Cordoba zelairatu du. Gauzak horrela, Cordoba erabakigarria izan da Athleticen garaipenean, asko eman baitio taldeari. Cordobak, berak, baloia lapurtu dio Gimenezi, area barruan sartu da, pasea eman du bigarren zutoinera, eta hortxe agertu da Williams, 1-0ekoa sartzeko.
Gola sartu eta aurrea hartu ostean, Garitano entrenatzaileak beste aldaketa bat egin du; Raul Garcia kendu eta Kenan Kodro sartu du, 84. minutuan. Kodrok, zelaira irten eta 27. segundoan sartu du gola. Aurrelari zuri-gorriak baloia jaso, arean sartu, eta Oblak atezaina gainditu du, jaurtiketak Gimenzengan jo ostean (2-0). Kodroren lehen gola izan da Athleticeko jokalari gisa.
Azken minutuetan erasora jo du Atletico Madrilek. Herrerin atezainak koltxoneroen gola eragotzi du, Thomasen jaurtiketa on bat desbideratuta, eta hortxe amaitu dira Atleticoren aukera guztiak. Amaieran, Athleticentzat hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Herrerin; De Marcos, Nuñez, Yeray, Yuri; Dani Garcia, San Jose; Ibai (Lekue, 91. min), Raul Garcia (Kenan Kodro, 84. min), Muniain (Cordoba, 72. min); eta Williams.
0 - Atletico Madril: Oblak; Juanfran (Correa, 80. min), Gimenez, Godin, Saul; Thomas, Rodrigo, Koke; Griezmann, Diego Costa eta Morata.
Golak: 1-0, 73. min: Williams. 2-0, 85. min: Kenan Kodro.
Epailea: Santiago Jaime Latre. Oscar el 'Profe' Ortega Atleticoko prestatzaile fisikoa egotzi du, 73. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Raul Garcia (37. min), San Jose (67. min) eta Yeray (81. min) Athleticeko jokalariei, baina Atletico Madrileko futbolaria den Rodrigori (45. min).
VAReko epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa