Athletic club
Erreginaren Kopa
Agentziak | Erredakzioa
Europan emakumezkoen futbol partida batek inoiz ikusle gehien izan duena da.
Athleticen eta Atletico Madrilen arteko norgehiagokak 48.121 ikusle bildu ditu San Mamesen, Erreginaren Kopako finalerdietan. Horrela, Europako emakumezkoen futbolean marka hautsi du 'Katedrala'k.
"Hasierako iragarpenak bete dira, txarteldegiko sarrera guztiak salduta, eta Bilbok kirol honetako historiaren zatitxo bat idatzi du", azaldu du Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) agiri batean, talde zuri-gorriak errekor berria baieztatu ondoren.
Honenbestez, San Mames berriak San Mames zaharraren errekorra hautsi du; izan ere, aurreko marka 35.000 ikuslerena zen, zuri-gorriek Superliga 2003ko apirilaren 27an irabazi zutenekoa. Etxean CD Hispalis 5-0 mendean hartuta, Superligako txapeldun izan zen Athletic.
San Mamesen errekorra haustea “oso polita” dela adierazi du Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak, baina “garrantzitsuena berriro errepikatzea” izango litzatekeela azpimarratu du.
“Zorionak Athleticeko familia osoari, Bizkaiko talde hitzartu guztiei, harrobiari, emakumezkoen Bizkaiko harrobiari, erakundeei… guztien partida bat da, ea mota honetako neurketa gehiago hartzeko kapaz garen”, eskertu du agintari zuri-gorriak norgehiagokaren ostean.
“Partida honen akta jasotzeko” konpromisoa hartu du presidenteak, “San Mamesen emakumezkoen neurketa garrantzitsuak hartzeko benetan gai garen jakiteko”.
Atletico Madrilen aurka Erreginaren Kopatik at geratu ondoren, Katedralean bizi izandakoa “Athleticekin harro egoteko modukoa eta ahaztezina” izan dela esan du Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak.
“Esker ona demostratzeko, garaipena eskaini ezin izatea pena da”, gaineratu du Agirrek hunkituta, gau historikoan.
Norgehiagoka amaitzean bere jokalariak “hunkiturik”, baina 0-2arekin “atsekabetuta” daudela nabarmendu du prestatzaile zuri-gorriak. Agirreren hitzetan, futbolari batzuk “negarrez” utzi ditu aldagelan, porrotaren “erantzule sentitzen direlako”.
“Zaleekin zorretan daudela uste dute, baina lasai egoteko esan diet. Ondo jokatu dute. Borroka egin dute eta saiatu dira, eta zoriondu, besterik ez diet esan behar”, azpimarratu du.
BIDEOA: Neurketaren kronika
Bestalde, garaipenarekin pozik agertzeaz gain, Bilboko publikoaren erantzunarekin “oroitzapen ederra” eramango dutela adierazi du Jose Luis Sanchez Vera Atletico Madrilen teknikariak, “beti oroimenean izateko modukoa”.
“Ikaragarri gozatuko dugu, 50.000 pertsonaren aurrean 0-2 irabaztea meritu handia duelako, erantsi du.
Athleticen partida batean San Mameseko hirugarren sarrerarik onena izan da asteazken honetakoa. Onena gizonezkoen taldeak izan zuen 2017ko martxoaren 17an, Real Madrilen aurkako neurketa batean, 49.095 ikuslerekin.
Champions Cup errugbi finalak 52.282 jarraitzaile bildu zituen 2018ko maiatzaren 12an, futbol-zelaia ia leporaino bete zen; izan ere, edukiera 53.000 eserlekukoa baita.
Emakumezkoen futbolari dagokionez, Europan beste norgehiagoka batzuek jendetza bildu dute, baina Bilboko partidak baino gutxiago: Ingalaterra-Alemania neurketan 45.619 pertsona izan ziren harmailetan, 2014an, eta 2018ko Eurokoparen finalak (Alemania-Norvegia) 41.301 ikusle izan zituen Stockholmen.
Mundu mailan, Mexikoko ligako Monterrey eta Tigres taldeen arteko partidak 51.211 ikusle elkartu zituen.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa