Athletic club
Ustezko fitxaketak
Erredakzioa
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak ez ditu baztertzen Ibai Gomezen eta Fernando Llorenteren fitxaketak.
Aitor Elizegi, Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE
Aitor Elizegi Athleticeko presidente berria da, ostegunean hauteskundeak irabazi ostean 85 botoko aldearekin. Larunbatean SER Kateko 'El Larguero' saioan hitz egin zuen, klubaren etorkizun hurbilari buruz, besteak beste.
Elizegik argi utzi zuen, bere ustez, taldeak Ibai Gomezen beharra duela: "Ibai falta zaigu, denok faltan botatzen dugu. Ez dakit nola dagoen Alavesen, sei hilabete falta zaizkio kontratua amaitzeko, baina Gaizka Garitanori ondo etorriko litzaioke. Oinaren kanpoaldearekin erdiraketak egiten dituenean, zoragarria da. Erdiraketa horiek oso zailak dira defendatzeko. Onartu beharra dago", argitu zuen.
Fernando Llorente fitxatzea posible ikusten duen ere galdetu zioten: "Jokalariak jarrera ona azaldu du Athleticera bueltatzeko. Hori izaten da lehen pausoa. Gero, futbolak jartzen dituen zailtasunak daude tarteko. Ondoren, Tottenhamekin hitz egiteko esan zigun. Bihar dut batzarra Gaizka Garitanorekin, Andoni Ayarzarekin, Patxi Salinasekin eta Rafa Alkortarekin, eta eurek hartuko dituzte erabakiak", esan zuen Athleticeko presidenteak.
Gaizka Garitanorengan erabateko konfiantza du Elizegik: "Inork ez genuen nahi Berizzo kargugabetzea, baina Gaizka Garitanok eta Patxi Ferrerirak taldea zuzentzeko erantzukizuna hartu zutenean, ohore bat izan zen bi pertsona horiek ezagutzea, euren ibilbideak oso ondo ezagutzen ditugu".
'Euskadi-Espainia partida ikustea gustatuko litzaidake 2020ko Eurokopan'
San Mamesek 2020. urteko Eurokopako partida batzuk hartuko ditu, eta horren inguruan galdetuta, Athleticeko presidenteak honakoa erantzun zuen: "Faltan botatzen dut Euskadi-Espainia partida bat, eta asko gustatuko litzaidake Euskadi datorren Eurokopan ikustea. Horrek ez du esan nahi, Estatuko beste tokietan ditudan lagunekin arazoak izango ditudanik, ez ditut lagun horiek baztertuko. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzea gustatuko litzaidake. Oso polita izango litzateke, eta Europan guk futbola nola bizitzen eta ikusten dugun ohartuko lirateke. Uste dut posible izango zela bi selekzioen arteko elkarbizitza. Nik ahal dudan guztian lagunduko dut Euskal Selekzioa ofizial izan dadin. Elkarbizitza bermatzen duen nazionalismotik gertu nago, beti ere joko-arauak errespetatuta".
Horren harian, Elizegik esan zuen, Athletic gustura dagoela dagoen tokian, "momentuz ez digute uzten Premierrean jokatzen", gaineratu zuen broma moduan. "Liga on baten eta kalitate handikoan lehiatzen ari gara. Jokatzen dugun liga da etxeko jokalariekin parte hartzeko aukera ematen diguna", adierazi zuen Aitor Elizegik.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa