Athletic club
Europa Liga
Agentziak | Erredakzioa
Polemika handiena sortu duen jokaldia lehen zatian izan da. Williamsek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, penaltia adierazi du gero, eta jokoz kanpo zegoela adierazi du jarraian.
Adurizek azalpenak eskatu dizkio epaileari. Argazkia: EFE
Athleticek Rapid Vienari irabazi dio San Mamesen (1-0), Beñat Etxebarriak partidako bigarren zatian (60. minutuan) sartu duen golari esker. Ernesto Valverderen taldeak ostegun honetan, irailak 29, lortu duen garaipenak berebiziko garrantzia du Europa Ligan sailkatzeko aukerak gehiago ez murrizteko. Bigarren jardunaldia bukatuta, F multzoa osatzen duten lau taldeak berdinduta daude, hiru puntu baititu bakoitzak.
Raul Garciak egin duen jokaldi paregabe baten ostean, Beñatek baloi solte bat harrapatu du, eta sareetara bidali du izugarrizko zartakoa emanda. Erdilari bizkaitarrak Iker Muniainen ezinbesteko laguntza izan du jokaldi horretan, aurkariek baloia lapurtzea saihestu baitu.
Taldeari garaipena eman dion jokaldia hori izan bada ere, bigarren jardunaldian polemika handia sortu duena beste bat izan da. Izan ere, Tony Chapron epaile frantsesak Iñaki Williamsen gola onartu du hasieran, baina jokoz kanpo zegoela esan du gero, eta baliogabetu egin du. Jarraian, berak ez beste inork ikusi ez duen penalti bat adierazi du, eta, ondoren, Austriako taldeari eman dio baloia. Segundo batzuk geroago, lehen zatiaren amaiera adierazi du.
Lehoiek gol bakarra egin duten arren, Athletic nagusi izan da partida osoan zehar. Gol gehiago sartzeko aukera ugari izan ditu, baina bisitariek ez dute amore eman.
24. minutuan, Beñatek zartako ederra eman dio baloiari, eta atezainak kornerrera bidali du. 29. minutuan, Yeraik zutoinera bidali du baloia. Bi minutu lehenago, Joelinton bakarrik geratu da atearen aurrean, baina jokaldia baliogabetuta geratu da.
Aritz Adurizek ere taldearen bigarren gola sartzeko aukera izan du, eta errematea aparta izan den arren, Strebingerrek sekulako erantzuna eman dio.
Horixe izan da Athleticek garaipena ziurtatzeko izan duen lehen aukera, zelaian nagusi izan baitira lehoiak. Geroago, Beñatek beste aukera bat izan du, baina bakarrik geratu da, eta aurkariek ez diote gola egiten utzi. Era berean, De Marcosek ezin izan du bere jokaldia bukatu.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Herrerin; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (San Jose, 59. min); Beñat (Mikel Rico, 80. min); Williams, Raul Garcia, Susaeta (Muniain, 59. min); eta Aduriz.
Rapid Viena: Strebinger; Pavelic, Schoesswendter, Dibon, Schrammel; Grahovac, Mocinic (Hofmann, 67. min); Schaub, Schwab, Traustason (Szanto, 72. min); eta Joelinton (Kvilitaia, 84. min).
Gola: 1-0, m.59: Beñat Etxebarria.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa