Athletic club
Urrezko hiru puntu
Leire Etxazarra | eitb.eus
Raul Garciak bigarren zatian sartutako golak urrezko hiru puntu eman dizkie zuri-gorriei. Valverderen taldeak Celta gainditu du Ligako sailkapenean.
Raul Garcia, neurketako golegilea. Argazkia: Efe.
Athleticek atzean utzi du ostegunean Europa Ligan hartutako kolpea, eta modurik onenean gainera: Malagari La Rosaledan 0-1 irabazita. Raul Garciak egin du neurketako gol bakarra. Partida irekia egon da amaiera arte, eta Valverdek aldaketa ugari egin ditu hasierako hamaikakoan, lesioek behartuta.
Bilbotarrak ondo hasi dura, baloiaren jabetza kontrolatuz. Nagusitasun horren ondorioz, Borja Viguerak izan du lehen aukera argia. Errioxarra hasierako hamaikakoan atera da gaur eta neurketa ona egin du.
Baina Javi Graciaren Malagak hobera egin du minutuek aurrera egin ahala, eta azkenean andaluziarrek euren erritmoa inposatu dute. Arriskua sortu dute Iraizozen arean, baina Athleticen atezaina bikain aritu da gaur eta erantzun bikainak eman ditu. Bera izan da lehen zatiko onena, eta berari esker iritsi dira lehoiak atsedenaldira golik jaso barik.
Gorkaren geldiketa bikain batekin hasi da, hain zuzen, bigarren zatia. Juanpiren jaurtiketa kornerrera bidali du nafarrak. Handik bi minutura iritsi da neurketa erabaki duenjokaldia. Iturraspek kornerra atera du eta Raul Garciak baloia Ochoaren ate barruan sartu du, Albentosaren moteltasuna aprobetxatuz.
Estu bukaeran
Athleticen golaren ondorioz, andaluziarrek euren posizioak aurreratu behar izan dituzte berdinketa lortzen saiatzeko. Eta aukerak sortu dituzte, argiena, Charlesek izandako aukera bikoitza, baina Iraizoz eta San Jose azkar aritu dira arriskua uxatzeko.
Partidaren amaieran, Viguera bigarren gola sartzear izan da, baina bere jaurtiketak Ochoa atezainaren gorputzean jo du.
Azkenean, Athleticek garaipen oso garrantzitsua lortu du Malagan, eta bilbotarrak bosgarren dira orain Ligako sailkapenean, Celtaren aurretik. Asteazkenean Atletico Madril arriskutsua hartuko dute San Mamesen.
Fitxa teknikoa:
0.- Malaga CF: Ochoa; Torres, Albentosa, Weligton (Atsu, 69. min), Ricca; Juanpi, Recio (Fornals, 60. min), Camacho, 'Chory' Castro; Cop (Santa Cruz, 78. min) eta Charles.
1.- Athletic: Iraizoz; Bóveda, San José, Gurpegui, Balenziaga; Lekue (De Marcos, 75. min), Iturraspe, Mikel Rico, Muniain (Beñat, 68. min); Viguera eta Raúl García (Etxeita, 75. min)
Golak: 0-1, 52. min: Raúl García.
t="utf-8">Athleticen partida itzela, sailkapenean 5. posturaino igoaz. Nor eta nolakoak garenaren isla #MCFvATH #athlive
— Athletic Club (@athletic_eus) 17 de abril de 2016
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa