Athletic club
4. jardunaldia
Erredakzioa
Granadak Athleticen partida kaskarra aprobetxatu du, eta Caparrosek bere lehenengo garaipena lortu du San Mamesen bisitariaren aulkitik. Golik ez Athleticentzat, bigarrenez jarraian.
Iker Munian / EFE.
Iturrasperen akats batek eta Jhon Cordobak akats horri etekina aterata lortu zuen golak garaipena eman diote Granadari San Mamesen. Garesti ordaindu ditu Athleticek Txapeldunen Ligako ajeak eta Ernesto Valverdek taldean egindako aldaketak, eta BBVA Ligan orain arte jokatu diren 12 puntuetatik 3rekin jarraitzen du.
Joaquin Caparrosek Bilbon bisitari dela lortu duen lehenengo garaipena izan da. Aldaketa asko zituen Athleticek partidu honetan hasierako hamaikakoan (Ibai Gomez eta Laporte arazo fisikoengatik izan dira baja), eta gaizki hasi zuen partida.
Lehenengo zatian, zuri-gorriak ez dira ondo kokatu zelaian, eta Granadako aurrelariak Etxeita eta San Joseren bila aritu dira etengabe, batez ere Cordoba. Athleticek zehaztasunik gabe jokatu du, eta baloi asko galdu ditu. Horiek izan dira etxeko taldearen akats nagusiak.
Eta hain zuzen ere, horrelako akats batean etorri da Granadaren gola. Iturraspek, azken atzelaria izanda, huts handia egin du eta baloia galdu du, eta Cordobak aurretik jarri du Granada 39. minutuan. Ez da ohikoa Abadiñoko erdilariak horrelako akatsak egitea, baina oraingoan larrutik ordaindu du, aurkariaren gola ekarri baitu.
Athleticek, gainera, oso gol aukera gutxi sortu ditu. Horietako bat, 36. minutuan etorri da: Adurizen burukada, Balenziagaren erdiraketa baten ostean.
Bigarren zatian, Valverde Granada estutzen saiatu da, eta lortu du azken ordu erdian. Baina Caparrosek talde osoa jarri du defentsa lanetan.
Mikel Rico eta Borja Viguera zelairatu ditu Valverdek eta Athleticen erasoa hobetu egin da. Zuri-gorriek arrisku gehiago sortu dute orduan andaluziarren arean, baina azkenean Granadak irabazi ditu San Mameseko hiru puntuak.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; Iraola, Etxeita, San Jose, Balenziaga; Iturraspe, Moran (Mikel Rico, 54. min), Unai Lopez (Viguera, 46. min); Susaeta (Guillermo, 77. min), Aduriz eta Muniain.
Granada: Roberto; Nyom, Babin, Murillo, Foulquier; Hector Rochina (Eddy, 61. min), Yuste, Fran Rico, Piti (Juan Carlos, 67. min); Success eta Cordoba (Javi Marquez, 73. min).
Goles: 0-1, 39. min: Jhon Cordoba.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa