16:20

Athletic club

EA Sports Liga

Nico Williamsek amaiera eman dio Athleticen bolada txarrari (1-0)

G. P. A. | EITB

Nico Williamsek sartutako gol ikusgarri bati esker irabazi du talde zuri-gorriak. VAReko epaileak baliorik gabe utzi du Colombattok Oviedorentzat egindako gola. Selton gazteak debuta egin du San Mamesen.

  • Nico Williams. Argazkia: EFE

    Nico Williams. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 1-0 menderatu du Oviedo gaur San Mamesen jokatutako EA Sports Ligako partidan, eta, horrenbestez, Ernesto Valverderen taldeak azken jardunaldietako dinamika txarra eten du. Nico Williamsek gol ikusgarria sartu du eta zuri-gorriek arnasa hartu dute. 

Athleticen lehen zatia ez da ona izan. Garaipena lortzeko urgentziaren eraginez edo, taldeak huts asko egin ditu, batez ere atzealdean, eta erasoan asko kostatu zaio arriskua sortzea.

Hala ere, atsedenaldira abantailarekin joan da, Nico Williamsek 25. minutuan sekulako gola sartu baitu.

Ezkerreko hegaletik abiatuta, Nacho Vidal eta Colombatto atzean utzi ditu, arean sartu da, eta jaurtiketa bortitza egin du. Baloia sarera joan da, langa jo eta Oviedoren atea dardarka utzita.

Hiru minutu geroago heldu da San Mames isilarazi duen jokaldia. Nacho Vidalek erdiraketa egin du area barrura, Colombattok buruz jo du, eta baloia Unai Simonen hanken artetik sartu da, mantso-mantso, ate barruan.

Athleticen zorionerako, Cesar Soto epaileak baliorik gabe utzi du gola, VAReko epaileak ohartarazi ostean Ilyas jokoz kanpo zegoela. Horrela, Oviedoren lehen kolpea susto handi bat baino ez da izan talde zuri-gorriarentzat.

Bigarren zatian, Ernesto Valverderen taldeak aukera askoz gehiago sortu ditu, baina ez du asmatu Escandellen ate aurrean. Ezin izan du bigarrena egin lasaiago jokatu ahal izateko, eta azken minutuetan sufritu egin du, Oviedok aparteko ezer egin ez badu ere.

Edonola ere, Athleticek horrenbeste behar zuen garaipena lortu du, Nico Williamsek gola sartu du eta Selton Sanchez gazteak debut itxaropentsua egin du. Zuri-gorriek badaukate zeri heldu, ohiko maila berreskuratu eta bide onera bueltatzeko.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    06 22:10 - 00:30 PILOTA | Elordi-Zabaleta vs P. Etxeberria-Rezusta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena