Alaves
Errege Kopa
EITB MEDIA
Luis Garcia Plazaren taldea sailkatzeko gola Compostelako atzelari batek egin du, bere atean, hamabigarren minutuan. Alaves ez da ondoegi aritu norgehiagokan, baina ez du ia estutasunik izan gailentzeko.
Alaveseko jokalariak, garaipena ekarri dien golaren ospakizunean. Argazkia: EFE.
Albisteak (2)
Alaves 2024-25 denboraldiko Errege Koparen bigarren kanporaketarako sailkatu da, lehen kanporaketan Compostela mendean hartuta, 0-1eko emaitzarekin, Vero Boquete-San Lazaro futbol zelaian, asteartean. Kike Compostelako atzelariak sartu du, nahi gabe, bere atean, Alaves bigarren txandarako sailkatzeko gola, hamabigarren minutuan. Hala, Luis Garcia Plazaren gizonak Kopako hurrengo kanporaketan izango duten aurkariaren zain dabiltza jada.
Testuinguru horretan, Alavesek arin hartu du aurrea kanporaketan. Compostelak sortu du norgehiagokako aurreneko arrisku jokaldia, gutxigatik kanpora irten den Hugo Matosen burukada batean, baina Alavesen erantzuna sendoa izan da. Hamaikagarren minutuan, debuta egin duen Egoitz Muñozek erdiraketa ona jarri du eskuinetik, baloia Villalibreri eman nahirik, eta, Gernikako aurrelariaren errematea oztopatzen saiatzen ari zela, Kike Compostelako atzelariak, nahi gabe, baloia bere atean sartu du. Atsedenaldira arte, Alavesek arazorik gabe izan du kontrolpean Galiziako taldea, eta, gainera, Stoichkovek, Guevararen pase bikaina jasota, oso gertu izan du 0-2koa. Bigarren gol hori, baina, ez da gauzatu.
Tomas Conechny, aurrera hegaletik. Argazkia: EFE.
Kontuan izanik Compostelak, bigarren zatian, aurrerapausoa eman duela, Alavesek, ziurrenik, eskertuko zuen bigarren gol bat sartu izatea. Egia esan, emaitza estu-estua zela kenduta, euskal taldeak ez du aparteko arazorik izan sailkatzeari eusteko. Are gehiago, neurketako azken jokaldian, Compostela berdinketaren bila ia jokalari guztiekin zebilela, Alavesek gol aukera paregabea sortu du 0-2koa egiteko, baina etxeko taldeak saihestu egin du. Horrela amaitu egin da kanporaketa.
Fitxa teknikoa
0 - Compostela: Iago Dominguez; Roque (Santi de Prado, 58. min), David Soto, Kike, Ocaña, Manu Rivas; Alvaro Casas (Selasi, 58. min), Diego (Samu, 73. min); Fer Cano (Carlos Cinta, 73. min), Hugo Matos (Landeira, 28. min) eta Manu Barreiro.
1 - Alaves: Owono; Mouriño, Egoitz, Pica, Diarra; Luka (Blanco, 78. min), Jordan, Guevara, Conechy (Rebbach, 66. min); Stoichkov (Carlos Martinez, 86. min) eta Villalibre (Toni Martinez, 66. min).
Gola: 0-1, 11. min: Kike, bere atean.
Epailea: Busquets Ferrer (Balearretako Batzordea). Compostelako Landeira eta Alaveseko Guevara, Mouriño eta Luka zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 7.000 bat zale, Vero Boquete-San Lazaron.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa