Alaves
EA Sports Liga
G. P. A. | EITB MEDIA
Alaves ondo hasi da, eta berehala sartu du lehen gola, baina Valladolidek, bi penaltiren bidez, markagailua iraultzea lortu du. Neurketa berdinduta zegoenean, VAReko epaileak baliorik gabe utzi du Guridiren gola, eta partida amaitzear zela, epaileak kanporatu egin du Kike Garcia.
Toni Martinez, Alaveseko jokalria. Argazkia: EFE
Alavesek 2-3 galdu du Valladoliden aurka ostiral gauean Mendizorrotzan jokatu duen partida, eta, ondorioz, segidako laugarren porrota jasan du EA Sports Ligan. Mailari eusteko borrokan hil edo biziko partida izango zela aurreikusten zen, eta hala izan da. Luis Garcia Plazaren taldea ondo hasi da, baina Valladolidek markagailua irauli du, bi penaltiri esker, eta hortik aurrera, partidatik atera dira babazorroak.
Partida ezin hobeto hasi du Alavesek, eta 5. minuturako aurrea hartu du markagailuan. Toni Martinezek sartu du gola, area kanpotik jaurtiketa bikaina eginda. Mario Martinek huts egin du baloia atzetik ateratzeko ahaleginean, eta aurrelari babazorroak ez du barkatu. Baloia lapurtu dio, eta zartako ederra emanda, sarera bidali du.
Gol horren ondotik, patxadaz eta nagusitasunez jokatu dute Luis Garcia Plazaren mutilek, arerioari presioa goian eginda eta baloia zelai erdian ondo mugituta. Alabaina, 16. minutuan, partida berdindu du Valladolidek, bere lehendabiziko erasoaldian. Siverak falta garbia egin dio Aunarri area barruan, eta Sylla Alaveseko jokalari ohiak sartu du gola, penaltiz.
Akats horrek min egin dio Alavesi, eta hurrengo minutuetan asko kostatu zaio hasierako jokoa egitea eta neurketa kontrolatzea. Bigarrena lehenbailehen sartu nahian, arrisku gehiago hartu dituzte etxekoek, eta hainbat hutsegite egin dituzte. Hori dela eta, lehen zatia Siveraren area inguruan amaitu du Paulo Pezzolanoren taldeak.
Bigarren zatia ere bizitasunez hasi da, eta Guridik laster sartu du bigarren gola, baina VAReko epaileak baliorik gabe utzi du, Carlos Vicente jokoz kanpo zegoelako pasea emateko orduan, oso gutxigatik izan bada ere.
Alavesek presaka jokatu du, partida behar bezala kontrolatu gabe, eta Valladolidek hori baliatu du markagailua iraultzeko. Javi Sanchezen burukada batek Guridiren besoa jo du, eta Melero Lopez epaileak penalti adierazi du, VAReko epaileak ohartarazi eta gero, jokaldia monitorean berriro ikusi ostean. Amallahk egin du 1-2koa, Sivera ondo engainatuz eta baloia erdi-erditik botata.
Jokaldi horrek erabat nahasi du neurketa. Etxekoak saiatu dira, baina ez dute asmatu, eta laster heldu da Valladoliden hirugarrena. Anuarrek sartu du kontraerasoan egindako jokaldi azkar batean.
Kike Garciak egin du Alavesen bigarrena, boleaz, 96. minutuan, eta, gutxienez, berdinketa lortzeko itxaropena piztu da harmailetan, baina miraria ez da gertatu. Alderantziz, partidaren azken txanpan tentsio handia izan da bi taldeetako jokalarien artean, eta epaileak Kike Garcia kanporatu du, bata bestearen atzetik bi txartel hori aterata, falta bat egiteagatik eta epaileari protesta egiteagatik.
Horrenbestez, segidako laugarren porrota jaso du Alavesek Ligan, bukaeran irudi txarra emanda. Mailari eusteko borrokan, kolpe handia izan da, Valladolid arerio zuzena baita.
FITXA TEKNIKOA
2 - Alaves: Antonio Sivera; Tenaglia, Abqar, Moussa Diarra, Manu Sánchez; Antonio Blanco, Guevara, Gudiri, Carlos Vicente, Conechny; Toni Martinez.
3 - Valladolid: Heinm; Perez, Torres, Javi Sanchez, Chasco; Cömert, Mario Martin, Moro, Anuar; Amallah eta Sylla.
Golak: 1-0, 6. min: Martinez. 1-1, 17. min: Sylla, penaltiz. 1-2, 72. min: Amallah, penaltiz. 1-3, 76. min: Anuar. 2-3, 96. min: Kike Garcia.
Epailea: Melero Lopez. Kike Garcia kanporatu du, bi txartel hori aterata. Horrez gain, txartel horia atera die Diarra, Sanchez, Tenaglia, Moro eta Latasari.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa