20:38

Alaves

EA SPORTS LIGA

Alavesek Celta jipoituz ospatu du Mendizorrotzaren mendeurrena (3-0)

EITB MEDIA

Alavesek partida oso ona jokatu du, eta hasieratik izan du mendean Celta. Simeone, Guridi eta Benavidez izan dira golegileak. Garaipen honekin, babazorroek esku-eskura dute salbazioa.

  • Giuliano Simeone, Alavesen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Giuliano Simeone, Alavesen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alavesek 3-0 irabazi dio Celtari gaur arratsaldean, Mendizorrotzaren mendeurrenean, eta ia ziurtatuta dauka datorren denboraldian Lehen Mailan jarraitzea.

Babazorroek sekulako partida egin dute, hasieratik amaierara, eta galiziarrek ez dute ezer egiteko aukerarik izan. Hiru golak bigarren zatian iritsi dira, Simeone, Guridi eta Benavidezen eskutik.

Luis Garcia Plazaren taldeak bizitasun handiz jokatu du hasieratik, eta estu hartu du aurkaria. Celta, berriz, baloia edukiz eta zirkulazio azkarrak eginez saiatu da presioa gainditzen.

Partidako jokaldi polemikoa 19. minutuan gertatu da. Carles Perez Alavesen area aurrean eroria da, Benavidezekin lehian, baina epaileak ez du faltarik adierazi, eta bere burua lurrera bota duela aurpegiratu dio Duartek. Une horretan, Celtaren hegaleko aurrelaria azkar zutitu da, Duarteri aurre eginez, eta Pulido Santanak txartel gorria atera dio.

Alabaina, VAReko epaileak hala eskatuta, epaileak jokaldia berrikusi du monitorean, eta bere erabakia zuzendu du: txartel horia atera dio Carles Perezi, gorriaren ordez.

Minutu nahasi horien ostean, babazorroek arrisku handia sortu dute, eta Kike Garciak bi gol aukera garbi izan ditu, baina Guaitak gelditu ditu biak. Hain justu ere, Guaita atezaina izan da Celtaren jokalaririk onena lehen zatian.  

Golak bigarren zatian iritsi dira. Giuliano Simeonek zulatu du Guaitaren atea lehenengo. Kike Garcia eman dio pasea, aurrez baloia Minguezari lapurtu ostean.

Alavesen bigarrena 53. minutuan iritsi da. Minguezak, beste behin, huts egin du defentsan, baloia Jon Guridik hartu du, eta ez du hutsik egin Guaitaren aurrean.  

Markagailuan bi goleko aldea izan arren, Garcia Plazaren jokalariek erasoan jo eta ke jarraitu dute, hirugarrenaren bila. Galiziarrak, ostera, ez dira gai izan Siveraren ate inguruan arriskua sortzeko.

Giraldezek aldaketak egin ditu, baina alferrik izan da. Celtaren aurrelariek ezin izan dute Alavesen zelai erdia gainditu. Aukera bakarra partidaren azken txanpan izan dute, baina Iago Aspasek kanpora bota du baloia.

Carlos Benavidezek, berriz, ez du hutsik egin, eta Alavesen hirugarrena buruz sartu du 85. minutuan.

Partida bikaina jokatuta, babazorroek urrats erabakigarria eman dute datorren denboraldian Lehen Mailan segitzeko.

FITXA TEKNIKOA

3 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Tenaglia, Duarte (Guevara, 72. min), Lopez; Blanco, Benavidez, Guridi (Panichelli, 89. min); Giuliano (Rioja, 89. min), Carlos Vicente (Sola, 82. min) eta Kike Garcia (Samu, 82. min).

0 - Celta: Guaita; Mingueza, Carlos Dominguez, Unai Nuñez (Swedberg, 54. min); Carles Perez (Rodriguez, 81. min), Jailson, Fran Beltran, Hugo Alvarez, Manu Sanchez (De la torre, 54. min); Iago Aspas eta Douvikas (Allende, 73. min).

Golak: 1-0: 48. min, Giuliano. 2-0: 54. min, Guridi. 3-0: 86. min, Benavidez.

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Duarte eta Blanco Alaveseko jokalariei, eta Perez, Mingueza eta Hugo Alvarez Celtako jokalariei.

Gertakariak: EA Sports Ligako 33. jardunaldiko partida. 18.039 ikusle bildu dira Mendizorrotzan. Estadioaren mendeurrena ospatzeko ekitaldia egin dute partidaren atarikoan, eta giro ikusgarria egon da.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    22 12:15 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena