Alaves
35. jardunaldia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde babazorroak bere aukerak izan ditu lehen zatian, tartean, baloi bat langara botata, baina zurien bigarren golak partida erabakita utzi du.
Lucas Perez eta Asensio, baloi baten lehian. Argazkia: EFE
Albisteak (4)
Alavesek seigarren partida galdu du jarraian ostiral honetan, Real Madrilen aurka 2-0 galdu ostean, Juan Ramon Lopez Muñizek arabarren aulkian debutatu duen egunean. Horrela, arabarrek gero eta gertuago dituzte jaitsiera postuak, Mallorcari hiru puntuko aldea bakarrik ateratzen baitiete orain.
Hala ere, Alavesek ausart eta aurkariari min eginez ekin dio partidari, eta horren adierazle garbia da 3. minutuan Joseluk buruz langaren aurka bidali duen baloia. Alderatzea Lucas Perezi heldu zaio, eta haren jaurtiketa Varanek atera du atepean.
Zuriek, ordea, ez dute barkatu izan duten lehenengoa abagunean. Mendy frantziarrak barneraldia egin du ezkerretik, eta Ximo Navarrok falta egin dio area barruan. Benzemak jaurti du penaltia zigortuta zegoen Sergio Ramosen ordez, eta aurretik jarri du bere taldea (10. minutua).
Ondoren, lehen zatiaren erdialdean, Burke eskoziarrak jokaldi bikaina gauzatu, baina haren ahaleginari gelditu eder batekin erantzun dio Cortouis etxekoen atezainak. Berdinketa izango zen atsedenaldira iristeko, nahiz eta nagusitasun sentsazioa madrildarrena izan.
Bigarren zatia ezin izan da hobeto hasi etxekoentzat, bigarren golaren lasaitasuna aurkitu baitute bost minutu igaro ostean. Rodrygok jokaldi polita antolatu du, Benzemarekin jokatu eta haren erdiraketa lasaitasun handiz bidali du sare barrura Asensiok. Hasiera batean epaileak baliogabetu egin du gola, Benzema jokoz kanpo egon delakoan, baina VARak ezeztatu egin du erabaki hori Laguardiak aurrelari frantziarra gaitzen zuela ikusita. Ondorioz, gola markagailuan islatu da.
2-0ekoak partida asko lasaitu da, eta madrildarrek ez dute sufritu markagailuari eusteko. Gainera, Modric eta Kroos hirugarrena lortzetik gertu egon dira area aurrealdetik egindako jaurtiketekin, baina Roberto sendo azaldu da atepean. Joseluk ere izan du beste aukera bat Alavesen gola erdiesteko, baina Courtoisek ekidin du.
Horrenbestez, Real Madrilek gero eta gertuago dauka Liga txapelketa bereganatzea; Alavesek, ostera, borrokan jarraitu beharko du jaitsiera gunetik aldentzeko.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Courtois, Lucas Vázquez, Varane, Militao, Mendy, Casemiro (Brahim, 93. min), Kroos, Modric (Fede Valverde, min. 70), Marco Asensio (Vinicius, 70. min), Rodrygo (Isco, 82. min) eta Benzema (Hazard, 82. min).
0 - Alaves: Roberto, Ximo (Aguirregabiria, 24. min), Laguardia, Ely, Adrián Marín, Fejsa (Abdallahi, 56. min), Camarasa, Burke, Edgar (Borja Sainz, 68. min), Joselu (José Luis Rodríguez, 68. min) eta Lucas Pérez (Rioja, 56. min).
Goles: 1-0, 11. min: Benzema, penaltiz. 2-0, 50. min: Asensio.
Epailea: Jesús Gil Manzano. Txartel horia: Abdallahi (Alaves).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa