Alaves
Gironaren aurka (1-1)
Erredakzioa
Arabako taldeak bana (1-1) berdindu du Gironaren aurka. Stuanik sartu du lehen gola, eta Borja Bastonek berdindu du partida.
Borja Baston, Girona-Alaves partidan. Argazkia: EFE
Alavesek bana (1-1) berdindu du Gironaren aurka Montilivin eta Ligako lehen itzulia 32 punturekin itxi du. Athleticera joan den Ibai Gomez gabe eta Jonyren baja garrantzitsua izan duen arren, Abelardok zuzentzen duen taldeak bolada ona mantentzea lortu du. Klubaren historiako lehen itzuli onena egitea lortu du Alavesek.
Erasokor ekin dio Gironak neurketari eta azkar sortu du arriskua Pacheco atezainak defendatzen zuen ate inguruan. Alavesek sufritu egin du lehen minutuetan, eta Gironaren ekinak saria jaso du 7. minutuan; Stuanik baloia area barruan jaso eta txilenaz gola sartu du (1-0). Gola sartu ostean, erasokor jarraitu du Eusebiok zuzentzen duen taldeak, eta Pachecok eragotzi du Kataluniako taldearen gola, Porturen erremateari erantzun bikaina emanda. Alavesi asko kosta zaio abaguneak sortzea, baina oso aukera argia izan du 34. minutuan; Callerik baloia lapurtu du, pasea eman dio Borja Bastoni, eta aurrelari babazorroaren errematea Alcalak desbideratu du, baloiak Bono atezainarengan jo ostean. Minutu bat beranduago, Pachecok Kataluniako taldearen gola eragotzi du, Pedro Porroren jaurtiketa desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran Gironak eman du lehen abisua Alcalak kanpora bidali duen erremate batekin. Hala ere, Alavesek, gola sartu du izan duen lehen abagunean; Callerik gaizki errematatu du area barruan, baloia Borja Bastonek hartu, eta sare barrura bidali du (1-1).
Berdinketaren ostean, Gironak bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Ximo Navarrok eragotzi du Borja Garciaren errematea atepetik aterata. Neurketako 70. minutuan, Bono atezainak Calleriren errematea harrapatu du, eta 4 minutu beranduago, Stuanik kanpora bidali du errematea. Azken txanpan bi taldeei asko kosta zaie abagune argiak sortzea; Gironak aukera izan du bigarren gola sartzeko, baina Choco Lozanok, Pachecoren aterantz errematatu beharrean, Alaveseko defentsa bat bailitzan atera du baloia areatik. Amaieran, bana (1-1) markagailuan eta puntu bat talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Girona: Bono; Pedro Porro, Pedro Alcala, Bernardo Espinosa, Juanpe, Alex Granell (Aleix Garcia, 73. min); Douglas Luiz (Valery Fernandez, 60. min), Pere Pons, Borja García; Portu ('Choco' Lozano, 82. min) eta Christian Stuani.
1 - Alaves: Fernando Pacheco; Ximo Navarro, Víctor Laguardia, Guillermo Maripan, Ruben Duarte; Ruben Sobrino (Darko Brasanac, 80. min), Tomas Pina, Manu Garcia, Burgui (Martin Aguirregabiria, 90. min); Borja Baston (John Guidetti, 88. min) eta Jonathan Calleri.
Golak: 1-0, 11. min: Cristhian Stuani. 1-1, 50. min: Borja Baston.
Epailea: Jose María Sáanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Gironako Douglas Luiz (40. min) eta Cristhian Stuani (61. min) jokalariei, baita Alaveseko Jonathan Calleri (20. min) eta Victor Laguardia (51. min) futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa